‘Alkatea, bai esan?’ ekimenean aritu zirenekin aniztasun batzarra osatuko dute

Ataria 2022ko ots. 3a, 09:00

Joan den ostegunean egin zuten Alkatea, bai esan? ekimenaren bigarren saioa eta erabateko arrakasta izan zuela esan du Ibarrako Udalak. Bertan izan ziren partaide guztiekin aniztasun batzarra osatuko dute. 

Erabateko arrakasta izan zuen Alkatea, bai esan? ekimenaren bigarren saioak. Joan den ostegunean egin zuten, eta hogeita bost haur inguruk hartu zuten parte. Egitasmoa aurrez aurre egiten den lehen aldia izan da, aurreko saioa –COVID-19ak baldintzatuta–  bideo-dei bitartez izan baitzen. LH5 eta DBH2 mailen adin-tartekoak gonbidatu zituzten, hau da, hamar eta hamalau urte bitarteko haurrak. 

Igor Zapirain alkateak pozik hitz egin du erantzunaren inguruan: "Benetan pozgarria da hainbeste haurrek ekimenean parte hartzea. Proiektu honetan iniziatiba dutenak haiek izatea nahi dugu, eta bikain ari dira erantzuten”. Egitasmoak helburu zuen herriko aniztasunaren inguruko kontzientzia zein jakin-mina piztea, eta horretarako egutegi erraldoi bat osatu zuten denetariko ohitura, festa zein ospakizun egunekin. 

Orain, aniztasun batzarra sortuko du udalak, zeinetan haurrek parte hartuko duten, eta proposamenak jaso eta aurrera eramango dituen; joan den asteko bilkuran zeuden guztiek adierazi zuten batzar horretan parte hartzeko asmoa. Aste honetan zehar, alkatearen eskutik gutun bat jasoko dute udalera ongietorria emanez eta lehen deialdia jasoz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!