«Zizurkilgo oilasko jokoaren inguruan egin dut, umore puntu batez erakutsita»

Ataria 2021ko abe. 21a, 07:59

Ostiral iluntzean banatu ziren XIV. Galtzakomik lehiaketako sariak. 17 urtetik gorakoetan Libe Carballo Aranburu donostiarra izan da irabazlea.

Lehen aldiz hartu du parte Galtzakomik lehiaketan Leire Carballo Aranburu donostiarrak. 17 urte ditu, eta adin horretatik gorakoen kategorian lehen saria eskuratu du, Gaurko menua lanarekin.

Lehen aldiz hartu duzu parte. Nola izan zenuen lehiaketaren berri?

Nire institutuko irakasle batek ikasle guztioi bidali zigun lehiaketaren inguruko informazioa, eta parte hartzea erabaki nuen, ilustrazioaren munduan praktikatu nahi nuelako. Eta komikiak egitea ere asko gustatzen zaidanez, aukera polita iruditu zitzaidan.

Eta zer aurkeztu duzu?

Oilasko jokoaren inguruan egin dut, umore puntu batez erakutsita. Amak txikitatik kontatu izan dit Zizurkilen egiten zen oilasko jokoaren ohitura, gaur egun egiten ez dena, eta nahiko desatsegina egiten zitzaidanez, umorearekin landu nahi izan dut.

Nolako teknika erabili duzu?

Berez, ez zait gehiegi gustatzen testua sartzea. Baina baldintzetako bat zen euskaraz testua sartzea, eta elkarrizketa batzuk txertatu ditut. Koloreari dagokionez, akuarelarekin jolastea asko gustatzen zait, eta guztia akuarelarekin egin dut. 

Zein esperientzia duzu marrazten?

Txikitatik marraztu izan dut, hobby bat da niretzat. Iaz batxilergo artistikoa egitea erabaki nuen eta arte ederrak ikasi nahiko nituzke gero.

Sariarekin zer egingo duzu?

Afarira ama gonbidatuko dut, eta 700 euroak gorde egingo ditut oraingoz. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!