Hasieran ona ez izan arren, esperantzaz begiratzen diote ligari

Ataria 2021ko aza. 25a, 10:55

Xabi Juaristi, Otxartaberen aurkako partidan, Belabietan. GARAZI ARREGI

Partiden herena pasa ondoren, areto futboleko 2. B mailako Lauburu Ibarra hamabigarren postuan dago, baina lau onenen artean sartzeko helburuari eusten diote.

Ez da denboraldi erraza izaten ari 2. B mailako Lauburu Ibarra taldearentzat. Hamar jardunaldi pasa direnean, ligaren herena hain justu, hamabigarren postuan dago areto futboleko taldea, hamabi punturekin. Bere multzoan hamasei talde dira, eta azken lauak mailaz jaisten dira. Halere, Xabi Juaristi kapitainak azaldu duenez, beraien helburua lehen lau postuetan bukatzea da: «Lehenengo lauek igoera fasea jokatzen dute eta hor sartzea da gure asmoa».

Azken partidan, etxetik kanpo jokatutakoan, Villa de Quel taldearen aurka 4-5 irabazi ahal izan zuten. «Hasiera batean aukera dezente izan genituen golak sartzeko, baina ez ginen oso fin ibili. Nahiz eta alde handirekin ibiltzeko aukera izan, sufritzen bukatu genuen», esan du Juaristik. «Baina beharrezko hiru puntu izan ziren, denboraldi hasiera ez baita erraza izan, eta behar genuen etxetik kanpo horrelako garaipen bat».

Zortzi jokalariren baja izan dute denboraldi honetan eta hori nabaritu egin dutela gaineratu du kapitainak. «Aurreko urteko blokeari jarraipena ezin emate horrek zailtasun asko sortzen dizkigu. Fitxaketa berriekin, nahiz eta kalitate handiko jokalariak ekarri, bloke bat osatu gabe izateak egunerokotasunean zailtasunak ekartzen ditu, besteak beste, jokoan beharrezkoak diren automatismo horiek ondo funtzionatzeko», zehaztu du. Jokalari nafarrek utzi egin dute taldea, eta aurreko urtetik lau jokalari bakarrik geratu dira. Bost fitxaketa berri egin dituzte eta gero jubenilak ere ekarpen handia egiten ari dira lehen taldera. «Elkar ezagutu eta talde bezala jakin behar dugu jokatzen, eta horretan ari gara».

Lehen lau postuetan sartzea ez dute hain urruti, hala badirudi ere egun duten sailkapeneko postua begiratuz gero. Horren arrazoia oso liga berdindua izaten ari dela da. Egun laugarren postuan dagoen taldea, bost puntura dute. Eta bosgarren postuan dagoena bi puntura besterik ez dago. «Ikusten da edozein edozeini irabazteko gai dela, eta nahiz eta hasiera kaskarra izan, ez gaude hain urruti, eta horrek ere esperantza puntu bat ematen digu lehen postuen borrokan egoteko», dio Juaristik.

Asteburu honetan partida zaila dute etxean Lauburukoek. Sailkapenean lider sendo dagoen Tafa taldea izango dute aurkari larunbatean, 18:30ean, Belabietan. «Ezustekoa emateko gai gara, eta posible dugu aurreko asteburuan izandako sentsazioei jarraipena ematea», azaldu du kapitainak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!