Aurtengoan berritasunekin dator, Juan Zubia antolakuntzako kideak azaldu duenez: «Ibilbidean beti saiatzen gara zerbait berria sartzen, urterokoa ez errepikatzearren. Eta aurten Zazpi Bideetan bide bat berreskuratu dugu. Itxia zegoen, sasiekin eta eroritako zuhaitzekin. Hura garbitu dugu eta aurrera begira ere jendeak izango du aukera bide hori erabiltzeko».
Ibilbidean ez ezik, probaren formatuan ere aldaketak egin dituzte. «Normalean korrikako aurreneko sektorea luzeagoa izaten da, hirugarrena baino, eta horri buelta ematea erabaki dugu, hirugarren sektoreko korrikako saioa luzeago jarriz», esan du Zubiak. Proban zehar aurreneko postuetan aldaketak izateko aukerak zabaltzea da arrazoia: «Bizikletarekin ondo moldatzen direnak, korrikako lehen sektore luzean minutu batzuk galtzen dituzte eta gero horri buelta ematea zailagoa da. Lehen sektorea motzago eginez, bizikletarekin ondo moldatzen direnak aurreneko postuetan jartzeko aukera gehiago izan dezakete, eta gero ea eusten dioten lortu dezaketen abantaila hori azken sektorean. Esperimentua da eta ikusiko dugu nola ateratzen den».
Proba luzea, Euskal Herriko Zirkuituarentzat baliagarria dena, 15:30ean hasiko da eta parte hartzaileek 2,5 kilometro korrika, 17,4 kilometro bizikletaz eta 4,7 kilometro korrika egingo dituzte. Banaka egin daiteke proba edo bikoteka, hau da, bikotekide batek korrika eginez eta besteak bizikletarekin.
Ibarran proba herrikoia ere antolatzen dute, 15:20ean hasiko dena, eta ondokoak dira bertan egin beharrekoak: 1,25 kilometro korrika, 7,15 kilometro bizikletaz eta 2,5 kilometro korrika. Hemen ere banaka edo binaka parte hartu daiteke. Bi probak herriko plazan hasi eta bukatuko dira. Izena ematea Kirolprobak.com webgunean egin daiteke, eta plazak libre geratzen badira, egunean bertan ere egin ahalko da.
Antolakuntzatik deialdi berezia egiten dute mendi duatloi baten parte hartzea zer den probatzeko. «Proba herrikoia bereziki horretarako da, jendea animatzeko probatzera», esan du Zubiak. «Besteak beste, jende gazteak ere pauso hori eman dezan. Gure asmoa da jendeari aukerak ematea parte hartzeko». Ibilbideak bi itzulikoak jartzen dituzte, ikusten ari den jendearentzat errazagoa delako probaren martxa jarraitzea, eta, bide batez, entretenigarriagoa delako eta kirolariei animatzeko aukera gehiago izaten delako.
Larunbat goizean, 11:00etan hasita, gaztetxoen proba egingo da, eta bertan hiru maila jarri dituzte, parte hartzaileak jaiotako urtearen arabera: 2012-2013, 2010-2011 eta 2008-2009. Izena proba hasi aurretik eman behar da, eta hemen ere banaka edo binaka parte hartu daiteke.