«Niri galdetzen badidazu ni nor naizen, ez dizut esango trans naizenik»

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 16a, 11:59

Biharko mahai inguruko gonbidatuetako bat da Aitzole Araneta (Donostia, 1982). Bere esperientzia pertsonaletik abiatuta transexualitatera gerturatuko ditu bertaratzen direnak.

Zer espero duzu biharkotik?

Nik uste helburua hurbiltasun batetik transexualitate egoeran dauden pertsonen bizitzak nolakoak diren ezagutaraztea dela. Azken urte eta erdian desadostasun asko plazaratu dira estatu mailako lege baten inguruan, eta gure bizitzak distortsionatu egin dira. Helburua da aditzera ematea ez daukagula gainontzekoekin horrenbesteko ezberdintasunik eta gure bizitzak besteenekin alderatuta antzekoak direla.

Trans legearen inguruan jardungo zarete, besteak beste.

Ekainaren 29an estatuko ministroen kontseiluan egin zen LGTBI eta trans egoera hauek pixka bat eguneratzeko lehen onarpen bat, baina oraindik ibilbide luzea dago behin betiko onarpena emateko. Abagunea badugu gauzak adosteko eta hutsune eta gabeziak osatzen joateko. Gauza teknikoak aparte utzita, nik uste badaudela hainbat gauza legez aldatu behar zirenak, adibidez, gaixotasun mentala daukagula esatearena, legez, gaur egun horrela gaude kontsideratuak; baina gu ez gaude burutik gaizki. Eta gero, haurrei edo migrazio egoeran dauden pertsonei legez babes bat ematea, izan ere, gaur egun ez daukate legearen babesik. Norbait espainiar estatura iristen denean, bera nor den legalki islatuta ikusteko ez dauka aukerarik. Gure bizitza ere esparru juridikoan ahalik eta hobekien islatuta egotea nahi dugu, inoren eskubideak gutxitu gabe. Azkenean, hemen izan den gatazka handietako bat da ea trans egoeran ez dauden emakumeen eskubideak gutxitu ditzakeen horrelako lege batek, eta nik uste badagoela tartea hori ez gertatzeko.

Trans izatearena ere aipatuko duzuen gai bat izango da.

Ez dakit norbait trans esanda baden. Jendeak ulertzeko esan beharko genuke, baina niri galdetzen badidazu ni nor naizen, ez dizut esango trans naizenik. Hori ez da nire ezaugarri bakarra eta esklusiboa. Ni neska bat naiz eta trans hori eufemismo bat bezala erabiltzen dugu, esateko emakume batean jaio nintzela, gizartearen gainontzekoak espero ez zuen genital batzuekin. Nik uste gauzak ondo egiten baditugu hemendik denbora batera trans partikula hori agian ez dugula beharko, gizartean oso txertatuta egongo delako, badaudelako gizartean gizonezkoak alua izan dezaketenak eta emakumezkoak zakila izan dezaketenak, eta gure gorpuzkerak eta genitalak aniztasun horretan mugitzen direla.

Izateaz, bere horretan, beraz.

Azken batean ez da desio bat, ez da hautu bat, errealitate bat da eta ahalik eta hobekien azaldu nahi dugu; guk ezin dugu aldatu, gu beti izan gara garen hori eta jarraituko dugu izaten.

Trans legeaz gain, transfeminismoak ere eman du zeresana azken boladan.

Hemen badago paradigma bat emakume izatea genital konkretu batzuk izatea dela, eta gizonezkoa izatea beste genital konkretu batzuk izatea dela. Gure bizipenak hori zalantzan jartzen du, emakumetasuna eta gizontasunaren bizimodua era zabalago batean planteatzeko ikuspuntu berri bat ezartzen duena. Hori da oraintxe bertan zalantzan jartzen ari garena, eta nik uste urte batzuetara, gauzak ondo egiten badira, begirada atzera bota eta gizarteak irabazi egingo duela, eta egoera horretan diskriminazioak jasan ditugunok ere asko irabaziko dugula.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!