Transexualitatera hurbiltzeko aukera izango da bihar Ibarran

Ataria 2021eko irailaren 16a

Gaia lantzeko mahai inguru bat antolatu du Deabruak Kalera asanblada feministak; Aitzole Araneta eta Bea Sever izango dira gonbidatuak.

Ibarrako Deabruak Kalera asanblada feministak transexualitatearen bueltako mahai ingurua antolatu du biharko. Aitzole Araneta sexologoa, aktibista transfeminista eta berdintasun teknikaria eta Bea Sever Naizen elkarteko bozeramalea gonbidatu dituzte Hurbilketa transexualitatera izeneko mahai ingurura. Hizketaldia moderatzen asanbladako kide bat ariko da. Trans legeaz, trans izateaz eta transfeminismoaz ariko dira, besteak beste, 19:00etan, plazako aterpean. Sarrera doan izango da eta momentuan bertan eman beharko da izena.

Asanbladako kideek azaldu dutenez, Deabruak Kalera asanblada feminista sortu zenetik sentitzen zuten transexualitatearen gaira hurbiltzeko beharra. "Urte askotan emakume transexualek modu naturalean mugimendu feministan militatu badute ere, azken urte eta hilabeteetan beraiek mugimendu feministan izan beharreko lekuaren inguruko eztabaida soziala izugarri areagotu da, hein handi batean, estatuan trans legearen inguruan sortu den polemika guztiak hauspoturik", esan du Oihana Lopetegi asanbladako kideak. Hori horrela, eztabaidari heldu nahi izan diote, eta pertsona transexualen errealitatea gertutik jarraitzeko errealitate hori lehen pertsonan bizi dutenak gonbidatzea erabaki dute.

Euskal Herrian pertsona transexualek "zapaldurik eta bazterturik" jarraitzen dutela gogorarazi du Lopetegik. "Egoera hori aldatzeko ezinbestekoa da lehenik errealitate hori azaleratu eta ahalik eta jende gehienak izatea horren berri". Deabruak Kalera asanbladakoek argi dute: "Guk argi daukagu emakume transexualek mugimendu feministan zein emakumeok parte hartzen dugun beste edozein eremutan ere parte hartzeko eskubidea dutela, eta mahai inguruak ikuspegi hori zabaltzen lagunduko duelakoan gaude".

Biharko hitzorduan transexualen eskubideak bermatzeko egin beharreko bidearen inguruko gakoak emango dituzte gonbidatuek. Horrez gain, Espainiako Estatuan onartu den trans legearen inguruko iritziak eta gogoetak partekatuko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!