Alurrek oholtzak hartuko ditu berriro ere

Ataria 2021eko ekainaren 17a

Alurr dantza taldearen emanaldia, 2017ko Ibarrako Gazte Festetan.

Bihar, emanaldia eskainiko du Ibarran, Gazte Asteburuaren barruan, 18:00etan, plazan; ekainaren 25ean, berriz,  haurren txanda izango da, 18:00etan, Emeterio Arrese parkean.

Erabakiak erabaki eta kosta ala kosta entseguekin aurrera jarraitu du Alurr dantza taldeak. Oholtzak berriro hartzeko gogoz dira eta uda honetarako lotuta dituzte dagoeneko hainbat hitzordu. Lehena bihar izango dute, herriko plazan: 18:00etan eskainiko dute emanaldia, Ibarrako Gazte Asanbladak antolatu duen Gazte Asteburuaren barruan.

Datorren astean berriz, ekainaren 25ean, haurren txanda izango da. Emeterio Arrese parkean eskainiko dute emanaldia, hauek ere 18:00etan. "Haurrak oholtzarik eta plazarik zapaldu gabe geratu diren honetan, urte guztian ilusioz osatutako dantzak kalera atera nahi ditugu", esan dute dantza taldekoek.

Azkenik, ekainaren 27an, Gattiu emanaldia eskainiko dute Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Uztailean eta abuztuan egingo dituzten emanaldien berri aurrerago emango dutela esan dute. Alur dantza taldean izena emateko epea uztailaren 7an zabalduko dute Alurreko webgunearen bitartez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!