Korrika, behartsuenei laguntzeko

Ataria 2021eko apirilaren 15a

Uzturpe Ikastolako ikasleek, Garagune zentroarekin batera, X. Elkartasun Kilometroa egin dute; bildutako dirua Ibarratik Misio Taldearentzat izango da.

Kirolerako arropa jantzita joan dira gaur Ibarrako Uzturpe ikastolako ikasleak ikastetxera. Izan ere, egun osoan zehar X. Elkartasun Kilometroa ospatu dute. Urtero ospatzen duten ekimena da inguruko eragileren bati diruz lagundu ahal izateko. Aurten, Ibarratik Misio Taldearentzat bideratuko dute dirua, eta talde horrek Indian, Ekuadorren eta Hondurasen aurrera eramaten dituen proiektuak egiteko erabiliko du gaur bildutakoa.  

Berez, ikastolako zaharrenak plaza inguruan ziren korri egitekoak, baina Ibarra eremu gorrian dagoenez, ikastetxearen bueltan antolatu dute ekimena. Horrela, gelaka eta talde txikietan banatuta, ikastetxeari bueltaka egin dute korri guztiek. LH4tik DBHra bitartekoek goizean hartu dute parte egitasmoan, eta arratsaldean HH eta LH 1, 2 eta 3ko ikasleen txanda izan da.

Eman behar zituzten bueltak amaitzean, ikastetxeko aparkalekuan laranjak jateko tartea hartu dute, hau ere txandaka, eta goiz erdian, Garaguneko erabiltzaileen bisita jaso dute. Haiek ere ikastetxeari buelta bat eman diote, kasu honetan, oinez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!