Elkartasun Kilometroa ospatuko dute gaur Uzturpe ikastolan

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 15a, 07:58

Aurtengo egitasmoan biltzen duten dirua Ibarratik Misio Taldera bideratuko dute; Ekuador, India eta Hondurasen behar gehien dutenei laguntzeko proiektuak egiten dituzte.

Ibarrako Uzturpe ikastolak urtero egin ohi du Elkartasun Kilometroa, inguruko eragileren bati diruz lagundu ahal izateko. Aurten, hamargarren edizioa egingo dute eta kilometro bakoitzeko jasoko duten dirua Ibarrako Misio Taldeari laguntzera bideratuko dute.

HH eta LH 1, 2 eta 3ko ikasleek ikastolan bertan egingo dute lasterketa, gelaka banatuta, arratsaldez. LH4tik DBHra bitartekoek, gehienez ere lauko taldeetan eta musukoak jantzita, ikastolako patioko eremuan osatuko dute zirkuitua, goizean zehar.

Behartsuenei laguntzeko

Ibarratik Misio Taldea 1997an sortu zen, eta 2005az geroztik Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakunde katolikoa da. Xabier Aierza bertako kidea da eta azaldu duenez, "berri pozgarria" izan da Elkartasun Kilometroa bezalako ekimena beraiekin gogoratu izana: "Pandemia egoera dela eta diru sarrerak gutxitu egin zaizkigu eta horrelako ekimenen bidez jakitera ematen dugu egiten dugun lana".

Behartsuenei zuzendutako garapenerako proiektuak finantzatzen dituzte, Honduras, Ekuador eta Indian. Hemen bildutako dirua han dituzten kontaktuetara bideratzen dute, eta hango taldeek proiektuak aurrera eramaten dituzte. "Ekuadorren, esaterako, urte askoan bizitu izan da Joxe Mari Garmendia Ibarrako apaiza eta parroki barruko talde baten bidez egiten ditugu proiektuak; eta Hondurasen eta Indian, moja talde batzuekin dugu harremana".

Aierzak azaldu duenez, Indian, dirurik ez dutenentzat hezkuntza dohainik eskaintzen dute, beka batzuen bidez. Hondurasen, berriz, urteak daramatzate etxeak eraikitzen. "Txabolatan bizi dira asko, egoera larrian, eta guk blokeekin etxeak eraikitzen ditugu". Ekuadorren momentu honetan ez daukate proiekturik esku artean.

Indian ere bi harrera etxe dauzkate eraikita, prostituziotik eta tratu txarretatik emakume gazteak babesteko. "13 eta 18 urte artekoak daude etxe batean eta 18tik 21ekoak bestean". Laguntza psikologikoa, lanerako formakuntza eta beste eskaintzen zaizkie. Sei urte daramatzate proiektu horrekin lanean eta Aierzak azaldu duenez, momentu honetan guztira 32 emakume daude etxe horietan bizitzen.

Proiektuez gain, haurrak babesean hartzeko erraztasunak ere ematen ditu Ibarrako taldeak. Gazteei hezkuntza prozesuan diruz laguntzeko aukera izaten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!