"Maroko errudun, Espainia arduradun"

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 5a, 10:19

Tolosaldea Sahararekin elkarteak deituta, elkarretaratze jendetsua egin zuten, atzo arratsaldean, Ibarrako plazan, saharar herriari elkartasuna adierazteko. 

Tolosaldean eta inguruetan bizi diren sahararrak eta eskualdeko herritarrak Ibarrako plazan egindako elkarretaratzera batu ziren, atzo arratsaldean. Aldarriz bete zuten plaza, eta adierazpen eta oihuak izan ziren nagusi, "urteetan jasandako okupazioa, hilketak, sarraskiak, desagerpenak, bortxaketak, atxiloketa ilegalak, torturak eta zapalkuntza" salatzeko.

Besteak beste, gertatutakoa salatzeko, Espainia jo dute errudun: "Espainiak ez du bete bere kolonia zen herriaren deskolonizazio prozesuan bete behar zuen legedia, hau da, bere kolonia zen lurraldea ez du bertakoen esku utzi", esan zuten. Bestetik, Marokok, Nazio Batuen Erakundeak eta Europar Batasunak izandako jarrera eta jokabideak ere salatu dituzte.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak esan zuenez, mezu irmo eta garbia eman nahi dute bertako elkarte, partaide eta saharar herriari edozein modutan laguntza eskaintzen diotenek: "Garbi eduki behar dugu injustizia horren konponketa politikoa dela, legedia betetzetik etorriko dela, injustizia hau ezabatzetik etorriko dela". Gaineratu zuen, saharar herriak bere partea bete duela, eta oso garesti ordaintzen ari direla, eta hausnarketarako galdera batzuk egin zituzten: "Zer dute sahararrek galtzeko? Zein aukerak eman dizkiegu jasaten duten hori guztia konpontzeko? Zein duintasun dute aipatutako NBE, EB, Espainia eta Marokok?".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!