Urrezko eta zilarrezko domina bana lortu dute

Ataria 2020ko azaroaren 30a

Denboraldiko lehen txapelketan, Ibarra sokatira taldeko emakumezkoek lehen postua lortu dute eta gizonezkoak bigarren izan dira.

Egungo egoera berezia izan arren, protokolo eta neurri zorrotzak beteaz, aurreko larunbatean sokatirako denboraldiko lehen jardunaldia egin zen. 2020-2021 denboraldiak hasiera zaila izan badu ere, lehen saioa egiteko aukera izan da eta 4x4ko lehen jardunaldia Getxoko Fadura kiroldegian jokatu zen. Bertan, emakumezkoen 260 kiloko eta gizonezkoen 320 kiloko txapelketak jokatu ziren. Emakumezkoetan 5 taldek hartu zuten parte: Antsoain, Berriozar, Txantrea, Beti Gazte eta Ibarra. Gizonezkoetan berriz 4 talde aritu ziren: Antsoain, Txantrea, Beti Gazte eta Ibarra.

Ibarrako neskek Txantrea taldearen aurka hasi zuten txapelketa. Jarraian Beti Gazteko nesken kontra aritu ziren. Ondoren, Antsoain eta amaitzeko Berriozar. Lan gogor eta txukun baten ostean, Ibarrako neskek urrezko domina irabazi zuten, denboraldiari hasiera polita eta ona emanez.

Gizonezkoek, Beti Gazte aurkari gogorraren aurka hasi zuten txapelketa. Ondoren Antsoainen aurka tira zuten eta azkenik Txantrearen aurka. Mutilek ere, talde lan txukun baten ostean bigarren postua lortu zuten, zilarrezko domina eskuratuz.

Asteburuko emaitzen laburpena: 

Emakumezkoetan:
1. Ibarra
2. Beti Gazte
3. Txantrea

Gizonezkoetan:
1.  Beti Gazte
2. Ibarra
3. Txantrea

Hurrengo saioa, abenduaren 19an izango da leku berean, Getxoko Fadura kiroldegian. Bertan, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 240 kiloko txapelketak jokatuko dira.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!