Azkoitiako kultur etxean ospatu zen eskolarteko bertsolari txapelketako finala, urriaren 16an. Ane Zubia Aranalde ibartarrak martxoan eskuratu zuen finalerako txartela eta berarekin batera, honako bost bertsolariek parte hartu zuten: Maide Garmendia Jauregi, Aner Peritz Manterola, Naia Arrizabalaga Arrieta, Hodei Munduate Etxeberria eta Uxue Ostolaza Zubiak. Peritzek jantzi zuen txapela, baina Zubia egindako lanarekin «gustura» geratu zen.
Martxoaren 6an jokatu zenuten kanporaketa saioa Ikaztegietan. Zazpi hilabete pasa dira, nola oroitzen duzu?
Urduritasun handiarekin bizitu nuen, baina berezia izan zen. Ez nuen asko gozatu egia esan. Bertsoa ondo ez osatzeko beldurra nuen, trabatzeko beldurra.
Lehenengo txapelketa zenuen. Finaleko txartela eskuratzea espero zenuen?
Inolaz ere ez. Saroien ahotsetik finalean izango nintzela entzun nuenean sorpresa handia hartu nuen, ez nuen espero. Bertsotan aritu ginen kideak komentatzen aritu ginen eta nik garbi nuen nire ustez nork irabaziko zuen eta nire izena esatean harrituta geratu nintzen.
Egindako saioarekin gustura geratu zinen?
Nik uste ez zela izan nire saiorik hoberena. Asko trabatu izanaren sentsazioarekin geratu nintzen, nerbioek gauza batzuk jan izan balizkidate bezala. Beste aldetik, ordea, lehen aldia izateko nahiko gustura nengoen.
Finalerako sailkatu bai, baina hurrengo astean konfinamendua ezarri zuten eta orain gutxi arte ezjakintasuna izan duzue nagusi.
Uda pasa arte ez dugu jakin ea finala noiz jokatuko zen. Bagenuen ezjakintasun hori, baina tira.
Eta bitartean bertsotan entrenatzen jarraitu duzu?
Ez nuen pentsatu zehazki finalerako prestatzea, baina jarraitu nuen bertsotan bai, bertso eskolan. Berdin-berdin jarraitu genuen, finala helburu izan gabe, zerbaitetarako prestatzen bezala.
'Online' aritu zineten hasiera hartan?
Bai, hori da. Txapelketan parte hartzen aritu garenak elkartu izan gara, bertso eskola berriarekin ere aritu naiz eta Tolosakoekin ere noizbehinka elkartu naiz.
Tarte horretan, Zarauzko Arraio irrati librean, hainbat kiderekin batera isolamenduaren aurkako saioan kantatu zenuen, maiatzean.
Bideo dei bidez egin genuen, bai. Pantailaren beste aldera publikoa dagoela pentsatu eta pantailaren aurrean abestea arraroa izan zen. Prestatzen joateko, ordea, ondo etorri zitzaidan.
Finalaren berri noiz izan zenuten?
Azkeneko kanporaketa noiz jokatuko zen erabaki zutenean, finalaren data zein izango zen ere esan ziguten. Iraila hasieran edo izango zen. Eta behin data jakin genuenean, bertso eskolan aurrez aurre elkartzen hasi ginen, eta gehiago lantzen hasi ginen, serioago prestatzen hasteko.
Prestatze horretan zertan jarri zenuen arreta gehien?
Abiaduran jarri nuen batez ere arreta, kantuan azkarrago hasiz eta mantsoago kantatuz.
Bertsoa erabat buruan izan arte kantatzen hasten ez zinen horietakoa zara?
Bai, hori da. Behin bukaera pentsatuta eta errimak izanez gero, ideia batekin poliki hasi, bitartean pentsatzeko denbora izan dezadan, eta bertsoa osatzen jarraitu horrela; horixe landu dut. Landu eta landu aritu naiz eta lehen baino pixka bat gehiago lortu dut, egia esan.
Orain, beraz, bertso guztia buruan osatu gabe hasteko moduan izaten zara?
Baietz esango nuke. Finalean saiatu nintzen ariketa hori egiten eta batzuetan lortu nuen. Beste batzuetan, ordea, ez.
Plaza batzuk ere egin dituzu aurrez. Hain zuzen ere, Harituzek ikastetxeetan haur eta gaztetxoei zuzendutako bertso saioetan hartu duzu parte.
Hiru edo lau herritan aritu naiz irailean, Haritz Mujikarekin batera. Egia esan, oso esperientzia ezberdina, baina neurri berean polita izan da. Haurrei egokitutako ariketak egin ditugu eta beraien parte hartzea bultzatzen saiatu gara. Esaterako, puntuak jartzen zizkiguten, edota pertsonaia ezkutuaren ariketa ere egiten genuen, baita hasierako agurra eta kopla batzuk ere.
Finalaz hitz egin dezagun. Norekin joan zinen finalera?
Bertso eskolako kideak, Haritz Mujika eta Unai Mendizabal elkarrekin joan ginen. Saioa baino ordubete lehenago han egon behar genuen, 18:00ak ingururako. Iritsi ginenean aretoan elkartu ginen, zein lekutan abestuko genuen ikusteko.
Eta ze inpresio?
Hasieran ez zidan inpresio handiegia egin, gero bete zenean ordea, gehiago.
Seigarren kantatzea egokitu zitzaizun zozketan. Gustura?
Erdiko zenbakiren bat nahiago nuen. Horrela, dena jarraian egin dezakezu eta ez duzu hainbeste itxaron behar bakarkako lanetarako. Baina seigarrena izanda, lasaitzeko denbora hartzeko tartea ematen dizu.
Gozatu zenuen batere finalean?
Bai. Oso eroso sentitu nintzen. Nik uste bertsoa kantatzerako orduan konfiantza lortu dudala, eta horrek beste lasaitasun bat eman zidan.