Zabalik da neguko kirol ikastaroetan izena emateko epea

Ataria 2020ko irailaren 22a

Ikastaro guztiak hiruhilekoak izango dira eta prezio bera finkatu dute ikastaro guztietarako: 80 euro. Ostirala baino lehen eman beharko da izena.

Ibarrako Belabieta kiroldegiak neguko ikastaroak antolatu ditu. Pilates, yoga, cycling, eskalada, tonifikazioa, egokitze fisiko orokorra eta adinekoen gimnasia egitea aurreikusi dituzte. Ostiralera arteko epea egongo da ikastaroetan izena emateko eta Ibarrako Udalaren webgunean eskuratu daiteke izen emate orria.

Ikastaroak hiruhilekoak izango dira eta guztientzat prezio berean jarri dituzte, hau da, 80 euroan. Behin izena emanda, hiruhilekoa amaitzean, automatikoki berrituko zaie izen ematea hurrengo hiruhilekorako. Baja eman nahi dutenek 2021eko urtarrilaren 5a edo apirilaren 5a baino lehen eman ahal izango dute. Bestetik, hirugarren adinekoei hobaria aplikatuko zaie; horretarako, ezinbestekoa izango da errenta aitorpena aurkeztea, bestela, kuota osoa kobratuko baitzaie.

Aurten, telebista bidez emango dira ikastaro batzuk, markatutako orduetan joan ezin dutenentzat. Hala, aukera izango dute beste egun eta ordutegi batean ikastaroa telebista bidez egin ahal izateko, irakasle batekin. Horri buruzko informazio gehiago kiroldegian eskuratu ahal izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!