Alurr dantza taldeak zabalik du matrikulazioa

Ataria 2020ko ira. 10a, 07:58

Irailaren 28ra arte egongo da Ibarrako dantza taldeak prestatu duen eskaintzan izena emateko aukera.

Pasa den ikasturtea berezia behar zuen izan Ibarrako Alurr dantza taldearentzat, izan ere, 25. urteurrena ospatzen zuen, eta horren harira, «emanaldi berezi ugari, festa eta jende askoren inguruko ospakizunak» zituzten aurreikusita. Covid-19k sortuta, ordea, ezin izan dute pentsatuta zuten moduan ospatu, baina, taldekideek gogoratzen dute, geldirik ere ez direla egon: «online klaseei ekin genion, koreografia berriak ikasi ditugu, Alurren abestiaren bideoklipa grabatu dugu, egoera hobetzean Ibarrako kiroldegian hasi ginen entseatzen, San Bartolome egunean streaming bidez lehengo urteko emanaldia eskaini genuen...». Horrekin batera, era ezohikoan datorren ikasturte berria prestatzeko lanean ere egon dira, eta zabaldu duten eskaintzarako matrikulazio epea zabalik dutela jakinarazi dute.

Haur, gazte nahiz helduentzat prestatu dituzten ikastaroetan izena emateko alurr.eus dantza taldearen webgunera edota Ibarrako kultur etxera jo daiteke. Irailaren 28ra arte egongo da izena emateko aukera.

Ikasturte hasiera gaztetxoentzat irailaren 28an izango dela azaldu dute Ibarrako dantza taldetik, eta gazte eta helduentzat, berriz, irailaren 14an. Era berean, gogoratu dute «protokoloak eta segurtasun neurriak errespetatuta» jardungo dutela ikastaro guztietan. Bestalde, lehenengo aldiz izena ematen duten txikienek lehendabiziko bi asteetan esperimentazio moduan aritu ahalko direla azaldu dute, eta behin dantzan jarraitu nahi dutela ikusitakoan osatu ahalko dutela matrikula.

Ikastaroen eskaintza osatua ikusteko alurr.eus webgunera jo daiteke, eta zalantzak argitzeko alurr@alurr.eus helbide elektronikora idatzi daitekeela adierazi dute Alurr dantza taldetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!