Ikasle Sindikatuak EH Bilduri

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2020ko uzt. 17a, 19:58

Pasa berri diren hauteskundeen kanpainan, gidoitik atera den gauza bakarretakoa, Ikasle Sindikatuak EH Bildurekin akordioa sinatu eta bere aldeko bozka eskatzea izan da. Ustekabean harrapatu nau, egia esan, besteak beste, ikasle garaitan parte izan nintzen Ikasle Abertzaleak-ek, adibidez, sekula ez baitzuen botorik eskatu Ezker Abertzalearentzat, ideologikoki hurbil baina organikoki parte izan ez denez. Lan hori Jarrai, Segi edo Ernaiko kideek egin izan dute.

Edonola, nire gogoa unibertsitate garaira joan zitzaidan. 2000-2002 tarte hartan ezagutu nituen orduan gaztelera hutsez izendatzen zen Sindicato de Estudiantes-eko kideak. Urrun sentitzen nituen hasiera batean, ingurune ezberdinetatik gentozen. Unibertsitateko hauteskundeetara Ikasle Abertzaleen hautagaietako bat izan nintzen, Leioan, Lan Harremanen fakultatean. Euskarazko gela bakarra goizekoa zen, eta beste 3-4 gela goiz eta arratsaldez, gazteleraz.

Erdarazko geletara nire gaztelera baldarrean programa aurkeztera joan, eta multzo bat kanpora ateratzen zen protesta moduan; Lizarra-Garaziko akordioa eta su etenaren ondorenak ziren. Kontaketan hasi eta goiko gutun-azaletatik botoak tantaka jaso genituen, behin pila agortu ahala, euskarazko gela bakarretik mordoxka azaldu ziren arte. Ez ziren nahikoak izan, eta SEk aise irabazi zituen hauteskundeak. Internazionala abestuz ospatu zuten.

Ikasle gela partekatzen genuen eta normaltasunez hartu-emana genuen. Langile klaseaz, marxismoaz aritzen ziren; ni bezalaxe, baina abiapuntu ezberdinetik.

Behin, fakultatean bizkartzain lanak egiten zituzten estatuko segurtasun indarreko bi kiderekin tupust serioa izan nuen. Manifestazio baten ostean, eguerdi aldean, eraikina erdi hutsa zelarik, ezagutu egin ninduten, alde banatik bidea oztopatu, ezkaratzean paretaren aurka atxiki, zokoratu, eta beroki azpitik pistola ateratzeko keinua egiten zuten bitartean mehatxatu egin ninduten: «Zuek denokin batera ezin badugu, banan-banan harrapatuko zaituztegu». Nire ingurune hurbilean gertaerak ez zuen aparteko zalapartarik eragin, hondar ale bat zen gatazka armatuaren hondartza zabalean, paisaiaren parte nolabait. SEko kideek, nire harridurarako, azkar erreakzionatu zuten. Eskolako zuzendariarengana lagundu ninduten, afera azaldu eta onartezintzat jo ondoren, kargu hartu zieten bi morroi haiei. Detaile hartaz maiz gogoratu izan naiz gerora.

Beraien artean bazen Errekaldeko neska bat; euskaraz saiatzen zen nirekin. Martin Barriuso politikaria zuen gustuko. Barriuso Zutikeko kidea zen artean; Zuti? alderdia LKI eta EMKren errautsetatik eratu zen, eta aipatu Lizarra-Garaziko garaietan, Herri Batasunaren inguruan nukleatzen zen Euskal Herritarrok koalizioko kide izan zen.

Behin prozesua bukatuta, Zutikek bere bidea jarraitu zuen, eztabaiden artean, kide batzuk Gorripidean taldea osatu zuten, denborarekin Ezker Batutik banandutako Alternatiban sartuz, azken hau EH Bilduko kide delarik.

Diferentziak diferentzia, begiratu batean antzeman dezakegu, norbanako, militante eta mugimendu ugari gai bertsuen bueltan ingurumarian aritzen dela. Dena esan behar bada, maiz, elkarguneak topatu beharrean, bakoitzarentzat hain garrantzitsuak diren printzipio horietan azpimarra jartzen xahutzen dira indarrak, aliatu naturalak beharko luketen horiekin etsaitzeraino.

Itxura du birusaren aitzakian marrazten ari den errealitate berriak denon eta denaren beharra izango duela. Printzipio irmoak eta esku ezkerra. Beti esku ezkerra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!