Gipuzkoako zerrendan dauden bi hautagai izan ziren bertan: Oihana Etxebarrieta, mugimendu feministako kidea eta 2016az geroztik legebiltzarkidea, eta Eraitz Saez de Egilaz, gazte eta ikasle mugimenduetako kide ohia.
Etxebarrietak “historia bakarraren arriskua” kontsideratu zuen egungo EAEko egoera politikoa. “Beti errelato berdina eta protagonista berdinak entzuten eta irakurtzen ditugunean, ezin dugu irudikatu, horien parte izan gaitezkeenik, eta hemen, ez gaude historia bakarraz salbu. EAJ-PNV historia bakar bat inposatzen saiatu delako, oasiaren historia, beti protagonista konkretu bakarra zuena. Haien historian, hemen ondo bizi gara. Baina, historia horretan, hemen gauden guztiok ez dugu tokirik, zeren guk, herria osatzen dugunok, aspaldi aldarrikatu genuen krisian geundela, baina hori ez zuten entzun nahi izan”.
Hondarribitarrak, gainera, gogoan izan zituen euskal preso eta iheslariak, baita pandemia honetan hildako herritarrak nahiz horien senitartekoak ere. “Gogoan ditugu, baina gogoan izateaz gain, beraiekin eta beraientzat lan egiteko prest gaude. Eta memorian ditugu falta zaizkigunak, baina gure historiaren eta gure herriaren parte diren horiek, lan istripuetan zendutakoak edota Zaldibarko zabortegian desagertuta daudenak ere. Batzuk badirudi ahaztuta daudela, hemen herri arazo handi baten ondorioak pairatzen ari garela, kapitalismoaren ondorioak pairatzen ari garela, oso modu larrian”.
Konfinamendu garain balkoietatik osasun langileei eskerrak adieraziz jotako txaloak, politika publiko bilakatu behar direla aldarrikatu zuten. “Batzuen oasian, datozen ikasturterako murrizketak egiten hasi dira, bai osasungintzan, baita hezkuntzan ere. Gure kasuan, elkarlanean sinisten dugu, onenekin inguratu behar dugu, eta gure artean zaintzeaz gain, inguruan dugun gizarte mugimenduan murgildu behar dugu. Batzuek, bakarkako bidearekin jarraitu nahiko dute. Bada, gu, elkarri begietara begiratuta, aurrera egiteko prest gaude, gu garelako gure herria, eta gure beharrak politika publikoen erdigunean egoteko eskubide osoa dugu. Herritik eta herriarentzat sortzen diren proiektuak eraman nahi ditugu Euskal Autonomia Erkidegora”.
"Gazteoi ez zaigu inoiz ahotsik ematen"
Etxebarrietaren ondoren, Saez de Egilazek hartu zuen hitza. Gazteen egoeraz mintzatu zen beasaindarra. "Badakigu osasun krisiaren ondorioak gazteongan izugarri gorpuztuko direla. Ezinbestekoa da gure bizitzako esperientziak erdigunean jartzeko. Badelako garaia orain arte entzun ez gaituztenak botatzeko. Betiko leloaren betiko leloaz hitz egiten dute, eta bada garaia horrekin ere amaitzeko. Izan ere, asko goraipatzen da gaztetasuna, gazteez asko hitz egiten da, baina guri ez zaigu inoiz ahotsik ematen. Gazteentzat baina gazterik gabe nola gobernatu daiteke? Gure egoera hitz batean definituko bagenu, ezegonkortasunaz ariko ginake".
Gazteek heldulekurik ez dutela aldarrikatu zuen, eta bizitzako arazoentzat geroz eta erantzun gutxiago dituztela. "Herentzia makala utzi digute batzuek; arazoak nonahi, eta gainera, guk konpondu behar ditugu. Hori bai, bizitza zer den ez dakigula esango digute, ez garela nor eztabaidetan parte hartzeko. Beste behin ere, argi ikusten da gure burua gobernatzeko gaitasunik ezean, gure aurka jardungo dutela".
Gazte askoren kezka izan ohi da, adin batetik aurrera, etxetik alde egin eta bizi berri bati eragitea. Bada horri buruz ere aritu zen Saez de Egilaz. "Etxebizitza krisi sakon batean gaude. Oinarrizko eskubide zena, negozio-iturri bihurtu da. Batzuk aberasten ari dira, guretzat luxua denean. Baina badakigu aldaketa posible dela, kontuan izan behar baita fokua non jartzen den. Bada garaia gazteon ongizatea erdigunean jarriko duen politika publikoetan behingoz sakontzeko".