Koronabirusa

Ibarrako Udalak diru laguntzak bideratuko ditu herriko merkatari eta ostalarientzat

Ataria 2020ko apirilaren 29a

82.000 euro bideratuko dituzte koronabirusagatik kaltetuak izan diren Ibarrako merkatari eta ostalarientzat; bihartik hasita hamar eguneko epea izango dute diru laguntzak eskatzeko.

Ibarrako Udalak 82.000 euroko diru laguntza lerro berri bat sortu du osasun larrialdiak sortu dituen eraginak "leundu" eta Ibarrako merkatari, establezimendu eta ostalariei "laguntza emateko".

Ibarrako Udalaren 2020-2023 epealdirako Diru-laguntza Plan Estrategikoak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira eta hark arautuko du deialdi hau ere.

Diru laguntzak emateko orduan zehaztuko da bakoitzari emango zaion zenbatekoa, kontuan hartuta establezimenduak itxita edota partzialki irekita aurkitzen diren. Establezimenduak partzialki irekita daudela kontsideratuko da %50ean edo %50etik behera lanean ari direnean. Deialditik kanpo geratuko dira %100ean lanean ari direnak edota %50etik gorako jarduna dutenak.  Hori kontrolatzeko udalak inspekzioak egingo ditu.

Diru laguntzak honela banatuko dira hileko:

  • Jatetxeak: 600 euro.
  • Tabernak: 550 euro.
  • Komertzioak: 450 euro.
  • Aktibitatea partzialki burutzen ari diren komertzioak: 350 euro.

Diru laguntzak jasotzeko eskabideak bihartik hasita hamar eguneko epean aurkeztu ahal izango dira, udaletxeko erregistro orokorrean. Eskaerak, ezarritako dokumentazioarekin batera, Internet bidez aurkeztu ahal izango dira, erregistro elektronikoaren bitartez (www.ibarra.eus) edota honako email honetara bidalita: ingurugiroa@ibarra.eus.

Laguntzak jasotzeko eskaerak ondoko dokumentazioarekin aurkeztu beharko dira:

  •     Dirulaguntzarako eskari-orri normalizatua behar bezala beteta (ibarra.eus helbidean aurki daiteke).
  •     Zerga-betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria.
  •     Gizarte Segurantzaren betebeharretan egunean egotearen ziurtagiria.
  •     Jarduera Ekonomikoen Zergaren (JEZ) ziurtagiria.

Gainerakoan, herritarrei herrian bertan kontsumitu dezatela dei egiten die, "herriko komertzio eta ostalaritza osasuntsu atera dadin krisi honetatik".

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!