Herritarrak erdigunean kokatu nahi dituzte Ibarran

Irati Saizar Artola 2020ko api. 29a, 15:39

Herritarrak erdigunean kokatzeko ahaleginetan ari da Ibarrako Udala, konfinamendua ezarri ostetik. Herrian duten «elkartasun izaera» martxan dutela adierazi dute, eta laguntza sareei eskerrak eman nahi dizkiete. «Fisikoki distantzian egonagatik ere, elkarrengandik gertu» egon daitezkeela esan dute.

Hori horrela, elkartasun keinuak egiten jarraitzen dute, eta gaur bertan elikagai bankutik beste banaketa berri bat egingo dutela azaldu dute. Aurreko aldian egin bezala, boluntario sareko herritarren laguntzaz, 36 elikagai kaxa prestatuko dituzte; etxe bakoitzerako bat. Aurrekoan baino 3 kaxa gehiago banatuko dituzte gaur. Aldi berean, udalak diru bale berri bat ere emango die laguntza moduan, Ibarrako dendetan erosketak egin ditzaten. Horrela, kaxa horietan jasotzen dutenaz gain beste hainbat produktu erosi ahalko dituzte; esaterako, detergenteak edo produktu freskoak. Udaletik azaldu dutenez, denera 130 pertsona ingururi ari dira laguntza hori ematen.

Bestalde, azken egunetan Liburutegia etxean egitasmoa martxan jartzeko pertsona talde berri bat osatu da. Atzo jarri zuten zerbitzua martxan herritarrentzat. Eskaerak egin eta boluntarioek etxeetara eramango dituzte eskatutako liburuak. Zerbitzu hori erabiltzeko, herritarrek honako bideak erabili ditzakete: 943 670 399 zenbakira deitu dezakete 09:00etatik 14:00etara bitarte, liburuzaina@ibarra.eus helbidera idatzi edota 688 664 71 zenbakira whatsappa bidali.

Ikasleei begira ere jarri da udala, «arrakala digitala ekiditeko». Uzturpe ikastolarekin elkarlanean etxean internet ez duten haur eta gazteei router edota SIM txartelak entregatu dizkiete. Azken aparatu horiek Orixe eta Samaniego ikastetxeetako ikasleei ere banatu zaizkie, eta ordenagailu eramangarriak ere behar duten ikasleen eskura jarri dituzte.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!