Inauterizalea da Julen Oliden (Ibarra, 1980), eta egun Tolosaldetik kanpo bizi den arren ez du inoiz hutsik egiten.
Nabari duzu zuk ere inauteriak gerturatzen ari direla?
Bai. Gaur egun ez naiz Ibarran bizi, eta egia da bertako kontuak ez ditudala hain gertutik bizi, baina, dena den, nabari da gutxi falta dela.
Tolosaldetik kanpo, Irunen bizi zara azken urteetan, baina, hala ere, inauterietan Tolosara gerturatzen zara beti.
Inauterietako egunak egutegian beti markatuta izaten ditut, eta ez dut inoiz hutsik egiten.
Zergatik dira Tolosako inauteriak bereziak?
Leku askotan ospatzen dituzte inauteriak, baina, niretzat Tolosakok bereziak dira. Eta, nire ustez, sentimendu hori izateko bertakoa izan behar duzu. Kanpotik jende asko joaten da Tolosako inauterietara, eta asko gustatzen zaizkiela esaten dute, baina, bertakoek bezala sentitzea zaila da. Gerturatzen doazen heinean bertakoengan nabari da alai eta gogotsu daudela; mozorroan pentsatzen hasten zarenean hasten dela gogo hori esan daiteke, karrozak eta konpartsak prestatzea dator gero, eta azkenean gogo betez iristen zara Ostegun Gizenera.
Odolean eramaten da, beraz.
Bai. Txikitatik ikusten dugu, eta horrekin hazten gara. Eskolan nahiz etxean txiki txikitatik hasten gara mozorrotzen, eta horrela pixkana inauteriekiko sentimendua barneratzen duzu.
Txikitako inauteriak nola gogoratzen dituzu?
Eskolan nola mozorrotzen ginen gogoratzen dut. Eta horrekin batera, zezenetara edota barraketara nola joaten ginen ere gogoratzen naiz, eta txarangen atzetik nola ibiltzen ginen ere bai.
Ba al duzu urte guzti hauetatik bereziki gogoratzen duzun mozorrorik?
Urte eta mozorro asko dira, baina, bat aukeratzekotan heriotzaz atera ginenekoa esango nuke. Ez hainbeste mozorroagatik, horrek eman zizkigun uneengatik baizik. Ez zegoen gutako inor ezagutzeko modurik goitik behera tapatuta gindoazelako, eta gure artean ere oinetakoei begira egoten ginen elkar ezagutzeko. Oso ondo pasa genuen urte hartan.
Eguneko festa ala gauekoa nahiago duzu inauterietan?
Urteak pasa ahala aldatu egiten dela esango nuke. Gaztetan inauteriak gaueko parrandagatik gustatzen zaizkigu, eta urteek aurrera egin ahala egunekoa nahiago dugu. Gaur egun eguneko parrandarekin geratzen naiz, eta gauekoa gaztetxoentzat utziko nuke. Gu egunez hasten gara, eta gorputzak irauten duen arte.
Txarangen doinurik gabe irudikatzen al dituzu?
Txarangarik gabe ez lukete zentzurik izango inauteriek. Etxetik atera orduko txarangak entzuten dituzu, zezenetan, zezenetik irtetean... Festa asko alaitzen dute, eta doinu horiek gabe hilik egongo balira bezala izango lirateke nire ustez.
Ostegun Gizenetik Asteartitara zein egun aukeratuko zenuke?
Betidanik Ostegun Gizena gustatu izan zait. Azken urteetan lana delako eta Tolosaldetik kanpo bizi naizelako ezin izan dut gozatu. Ez dakit lehenengo eguna delako den eta jendea oso gogotsu dagoelako, baina, giro polita izaten da. Ea, beraz, datozen urteetan egoteko aukera dudan.
Ba al duzu une kuttunik?
Ostegun Gizenarekin batera, festari hasiera ematen dion txupinazoa aukeratuko nuke, hor hasten delako dena. Zaldunita ere aukeratuko nuke, karrozak, konpartsak eta mozorroekin oso ondo pasatzen dudalako.
Aurtengo mozorroa prestatuta al duzu?
Bai. Uste dut tabernari eta sukaldariak beldurrez edukiko ditugula gerturatzen garenean. Telebista saio batean bada sukaldari bat tabernaz taberna joaten dena nola lan egiten duten ikuskatzera, eta gu bere paperean sartuko gara.
Aurten neurri berriak jarri dituzte udaletik; besteak beste, ikuskatzaileak egongo dira bolumena kontrolatzen. Zer iruditzen?
Ondo iruditzen zait. Lehia modukoa dirudi ea nork jartzen duen musika bolumen handiagoan. Duela hiru urte karrozarekin atera ginen eta gure musika genuen. Besteen ondoan jartzean ez zen gurea ezer entzuten, eta azkenean zarata besterik ez zen entzuten. Ondo pasa dezakezu musika bolumen normalean jarriz, eta jende guztia errespetatuz.