Bukaera arte dena eman arren, ez da posible izan

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 12a, 22:25

Lauburu Ibarrak bigarren mailako Colo Colo taldearen aurka 1-5 galdu du Belabietan jokatutako Errege Koparen kanporaketan. Harmailak beteta izan dira urteko partidarik berezienetakoa ikusteko.

Lauburukoak intentsitate gehiagorekin atera dira eta aukerak izan dituzte golak egiteko, baina aurkariak izan dira aurreratu direnak markagailuan. Aitzol Oiarbide kapitainak azaldu duenez, "aukerak ez ditugu sartu, eta beraiek izan dituzten lehen hiru jaurtiketak barrura sartu dituzte. Hor ikusi da maila batetik bestera dagoen aldea. Guk borrokatu dugu, aukera gehiago izan ditugula esango nuke, baina azkenean beraien kalitateak markatu du partida".

Colo Coloren lehen gola falta jaurtiketa batean izan da, eta ondoren Lauburuk izan ditu aukera batzuk, baina aurkarien atezaina ere fin aritu da eta merituzko hainbat geldiketa egin ditu. Atsedenaldirako minutu eta erdi falta zela iritsi da bigarrena, zorigaiztoko jokaldi batean. Colo Colokoek falta bat atera dute, Lauburuko jokalari bati jo dio eta atera joan da zuzenean. Jarraian iritsi da Zaragozakoen hirugarrena, eta 0-3koarekin joan dira atsedenaldira.

Atsedenaldian aldagelan esandakoa azaldu du Oiarbidek: "Aukerak izan ditugula, jokatzen ez zirela gu baino gehiago, eta lehen zatian bezala jarraituko genuela esan dugu; lehen gola sartzea falta zitzaigula, eta gero etorriko zirela besteak". Iritsi da gol hori, Andoni Agirrezabalak sartutakoa, eta markagailuari buelta emateko aukerak ikusten zituzten Ibarrakoek, baina azkenean aurkarien laugarrena iritsi da. "Intentsitatea igo dute, eta laugarrena egitea lortu", esan du Oiarbidek. Ondoren atezain jokalaria atera du Lauburuk baina ez da posible izan buelta ematea eta bosgarrena egin dute Zaragozakoek partidaren azken txanpan.

Partidaren bukaeran tentsio uneak bizitu dira bi taldeetako jokalarien artean. "Horrelako partidetan tentsio uneak izaten dira", esan du Oiarbidek. "Nahiz eta joko garbia egiten saiatu, beti izaten dira talkak, fisikoki asko eskatzen duen kirola da, eta nahi ez izan arren, sortzen dira horrelako ika-mikak. Partida erabakita zegoenean, keinu itsusi batzuk izan dira eta horrekin ere berotu gara eta baita zaleak ere".

Harmailak beteta izan dira, aurreko asteburuan ligako partidan bezala, eta espero dute aurrera begira ere kiroldegia betetzea. Bestalde, atsedenaldian alebin mailako Lauburuko jokalariek euren artean partidatxo bat jokatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!