Memoria ariketak eta erronkak uztartuz, euskararen eta Euskal Herriko mugimendu feministaren arteko zubiez aritu zen, herenegun, Saioa Iraola. Euskara eta Feminismoa: bidegurutzea elkargunehitzaldi zikloko hirugarren saioa gidatu zuen Bilgune Feministako eta Emagineko kideak, eta, galdera batekin zabaldu zuen, Euskara eta emakumeak, genealogia feminista bathitzaldia: «Nola iritsi gara eztabaida eta gogoeta hauek egitera?».
1970ko hamarkada hasierara joz, iparraldean kokatu zuen Euskal Herriko mugimendu feministaren sorrera, abortuaren bueltako borroketan. Ordea, genealogia feminista horretan, Euskal Herriaren historiako hainbat mugarri hizpide izan zituen, «honaino nola heldu garen» azaltzeko.
Horrela, hizpide izan zuen XV. mendea, eta Milia Lasturkoaren eresia: nola gizonak erail zuen, eta nola haren ahizpak eresia bat idatzi zion hiletarako, eraildako beste bi emakumeren izenak ere aipatuz. Hain justu, garai hartan debekatu zieten profazadoreei inprobisatzea, eta emakumeei eresiak abestea, «bazter nahasle» izateagatik. Hain justu, garai berean gertatu ziren sorgin-ehizak, eta ezarri modernizazioaren zutabeak, «egoteko eta izateko modu berri bat».
Bigarren mugarria Vicenta Mogelen Ipuin onacliburuan ezarri zuen Iraolak; zehazki, liburuaren hitzaurrean. Euskaraz liburu bat inprimatu zuen lehen emakumea izan zen, eta haurrentzako ipuinak itzuli zituen horretarako. Argitalpenaren helburua feminista ez izan arren, Mogelek argi utzi zuen bere posizioa hitzaurrean: «Aurreratu zuen, emakume batek liburu bat inprimitzeak zeresana piztuko zuela».
Literaturaren unibertsotik irten gabe, baina ahozko adierazpideetara pasatuz, arrosnabarrak ere hizpide izan zituen Saioa Iraolak: «Egungo bertso kantuen aurrekoak ziren, arto zuritzean aritzen zirenek kantatuak; ia beti, emamukeak. Haiei esker mantendu dira, gaur arte, arrosnabarrak. Besteak beste, oriandik ere abesten den Leitzen mutil fiñik ez».
Hiru aipamenekin josi zuen XX. mendeko genealogia, eta Emakume Abertzaleen Batzarekin hasi zen; haren arrakala izan zirenekin.
«Sufragismoarekin batera, 1906an, lehen aldiz argitaratu zuten, Aberriegunkarian, emakumeentzako artikulu bat, haiek politikagintzara gonbidatuz». Horrela, garaiko abertzaletasuna fede katolikoari oso lotua izaki, emakumeak «jeltzaleen zerbitzurako lotuta» gertau ziren: «Emakumea eta ama».
Joera horren aurka beren ideiak mahai gaineratu zituztenak ere izan ziren, ordea. Julia Fernandez Zabaleta iruindarra, bata, eta Miren Etxabe Aldai zarauztarra, bestea. «Biek ere, ez zuten nahikotzat nazionalismoak emakumeei eskaintzen zien papera, etxean, baserrian, edo hizkuntza zaintzen». Horrela, Fernandezek emakumeak ekonomikoki burujabe izateko proposamena egin zuen hitzaldi batean, eta Etxabek antzezlan bat aurkeztu zuen, 1930ean, Donostiako Novedades antzokian: Zorionaren iturria gizonak non du?.«Garai hartan boom bat izan zen».
Memoria «erresistentzia ariketa bat izan daiteke» eta, ariketa horretan, ezin maistren lana aipatu gabe utzi: «Berez kontzientzia feministarik izan gabe, plaza hartu zuten, eta etxeko espazio pribatua espazio politiko bilakatu».
KONTZIENTZIA ALA BEHARRA?
Urrunagoko urte eta mendeetatik pasatu, eta 1980-1990 hamarkadetako feministei begira jarri zen Iraola, haiek euskararekin izandako harremanaz emandako zenbait gako errepasatuz: «Orduan, taldea sortzea zuten lehentasun, egoera soziolinguistikoa ez baitzen gaurkoa. Ekoizpen ideologikoa ere, nagusiki gaztelerazkoa zen, eta lan handia hartzen zuten itzultzen. Euskaraz aritzea hautu politikoa zen, eta mugimenduko euskaltzaleek zuten horren ardura; gaur egun, mugimenduak berak du. gainera, mugimendu feminista ez zen beste batzuk baino erdaldunagoa izan, eta duela gutxira arte hizkuntzarena baliatu izan da ideologia eta nazio ikuspegi desberdinen arteko talka nabarmentzeko».
Aurrekari horiek guztiak kontuan hartuta, Euskal Herriko mugimendu feminista hizkuntzaren auzia erdigunean jartzera iritsi da, eta etorkizuneko erronken artean nagusienetakoa da. Bide horretan, Iraolak ezinbestekotzat jo zuen euskaraz teorizatzen jarraitzea, ahizpen artean eztabaidatzea, eta hizkuntza politika neoliberalak salatzea, «gaur egun euskara ikastea klase kontua ere badelako».
Lanketa kolektibo eta indibidualera deitu zituen feministak, aurrera begira, eta galdera batekin hasietako saioa beste galdera batekin amaitu zuen: «Zenbateraino da mugimendu baten baten ardura, parte hartzaile guztien hizkuntza praktika?».