"Auziak zuen dimentsioa ikusita, gozotik gazitik baino gehiago izan du"

Irati Saizar Artola 2019ko ira. 17a, 11:59

Bi urteko zigorra ezarri dio fiskalak Jon Mintegiaga ibartarrari, eta beraz, ez da espetxean sartuko.

Amaitu da epaiketa. Zer moduz joan da?

Tramitea pasa dugu. Tramiteak bete egin behar dira, eta hortik pasata, lasaitasunarekin gaude, gertatu den guztia asimilatzen.

Espero bezala joan da epaiketa?

Egia esan espero genuen horrela joatea. Hasiera-hasieratik auzi honi konponbide bat emateko, akordioa lortzea aukeretako bat zen. Egia da momentu batzuetan bide hori jorratzeko aukerarik ez dugula izan, baina uda aurrera joan ahala, aukera sortzen joan da.

Akordioa lortzearen alde egin duzue. Erraza izan al da?

Erraza ez da izan, erpin asko dauzkalako. Alde batetik, auziaren dimentsioa. Azken batean, 47 auzipetu ginen, akusazio ezberdinekin, nahiz eta gai berdintsuaren bueltan, eta eskaerak ikaragarriak ziren: 601 urte guztira. Orduan, akordio batera iristeko ere, guzti horri, arrazoi juridiko bat eman behar zaio, ahokatze juridiko bat eduki behar du, eta urte guzti horiek jaitsita geratu behar dute onargarria izateko. Onargarria, bai auzipetuontzat, baina fiskaltzak ere ontzat eman behar zuen bide hori eta akusazio partikularrak ere bai, eta gure auzian bi zeuden: AVT eta Dignidad y Justicia. Guztiek ontzat eman behar zuten akordio bat izan da, eta horrek zailtasuna zuen. Kudeaketa bat behar zuen, mahai gainean jarri, eta eztabaida sanoak izan, eta horren ondorioz erabaki bat hartu da, eta ez soilik guretzako mesedegarria dena, iruditzen zaigu horrelako auzietarako eta, bereziki, presoen gaiei lotutako auzietarako, onuragarria izan daitekeela. Gauza guzti horiek kontuan hartuta ahal dugun erabaki hoberena hartu dugu.

Amaia Izko abokatuak esan du guztien artean hartutako erabakia izan dela.

Bai, luzea izan da prestaketa zentzu guztietan, bai juridikoki baina baita sozialki eta afektiboki ere. Asko bildu gara, kontuan hartuta Euskal Herriko punta banatakoak garela, asko. Bere aldeko eta kontrako gauzak baloratuz hartu dugu erabakia. 47 kondena ziren, eta 45 libratu gara espetxetik. Auziaren dimentsioa ikusita, gozotik gazitik baino gehiago izan du.

Espetxea saihestu duzu, bi urteko zigorra ezarri baitizute.

Bai, hala da. Kontuan izan behar da auzipetutako batzuk preso ohiak ere bagarela, eta orduan, berrerortze delitua ere bagenuen. Egozten zizkiguten akusazioez aparte, plus bat geneukan. Hori ere eragozpen bat zen akordioa erdiesteko garaian. Gure kasuan, beraz, bi urteko zigorra izan dugu eta 4.500 euroko isun ekonomikoa.

Gerta zitekeen hoberena lortu duzuela esango zenuke?

Askotan ezin da jakin, baina kontuan izanda 47 lagun ginela, espetxe eskaera ikaragarriak zirela, eta bost pieza ezberdin zeudela ezaugarri propioekin, guzti horrek epaiketa bukaeran zer emaitza izan zezakeen zaila zen jakitea. Lehen itxuran, ez zuen erraza ematen 47ok espetxea saihestea, baina guztia baloratuta, arduratsu jokatuta, eta, batez ere, guk jorratzen genuen arloan, gatazkari irtenbide bat emateko bide horretan, preso eta iheslarien afera konpontze bidean, iruditu zitzaigun hauxe zela aukerarik hoberena.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!