Inoiz baino bereziagoa

Irati Urdalleta 2019ko ira. 15a, 17:28

XX. Ibarrako azoka berezia egin dute, goizean zehar. Lehen aldiz, besteak beste, 'show cooking' erakustaldia eta 'piperboom' lehiaketa antolatu dituzte.

Ibarrako plaza eta Emeterio Arrese parkea postuz eta jendez bete dira, gaur goizean. Izan ere, bertan ospatu da XX. Ibarrako azoka berezia. Plaza nagusian, artisautza postuak, herritarren argazkiak eta gorputza pintatzeko nahiz papera egiten ikasteko tailerra jarri dituzte, besteak beste. Animaliek ere izan dute beraien lekua, plazatik parkerako bidean. Behin Emeterio Arresera iritsita, aukera zabala egon da. Batzuk pintxoak edo gilda prestatu bitartean, besteek janariaz gozatu dute.

Lehiaketei dagokienez, eztiarena izan da lehenengoa. Hirugarren sailkatu da Fidel Azpiroz berastegiarra, Elduaingo Simon Nazabal izan da bigarrena eta sari nagusia Berrobiko Iñigo Erauskinek irabazi du. Berak baieztatu du ez zuela espero sari hori irabaztea, baina esperantza bazuela. "Ustez, ezti nahiko txukuna ekarri dut", azpimarratu du. Hamar urte inguru daramatza txapelketan parte hartzen eta lehen postua lortzearen gakoa "ahal den ondoen lan egitea, eztia txukun ateratzea eta lore egokiak aukeratzea" dela dio.

Ondorengo bi lehiaketak gildenak eta pintxoenak izan dira. Lehenengoan, hirugarrenak Nerea Lopez eta Jesus Gomez Ibarrako Langostino Moto elkartekoak izan dira. Bigarren saria Jose Luis Garmendia eta Joseba Basagoitia Tolosako Casino elkartekoentzat izan dira. Txapeldunak, berriz, Maurius Badea eta Jose Mari Caminos Izarra tabernakoak izan dira. Caminosek azaldu duenez, ez zuten espero saria irabaztea, lehengo aldiz parte hartu dutelako. "Azken orduan animatu gara eta ondo pasatzera etorri gara". Gilda atun freskoarekin, antxoarekin, piperrarekin, gatz beltzarekin eta olioarekin egitea erabaki dute . "Mokadu batean jateko gilda egin dugu, bertako produktuekin", dio Caminosek.

Pintxo lehiaketan, berriz, Jokin Zabala eta Iñaki Etxezarreta izan dira hirugarrenak eta bigarren saria Patxi Lago eta Jesus Ornajo donostiarrentzat izan da. Garaileak, aldiz, Karlos Hernandez eta Jabier Salaberria Pasai Donibanekoak izan dira. Txapeldunen esanetan, oso maila handia egon da pintxoetan: "Besteak gureak baino gehiago gustatu zaizkigu eta sorpresa handia hartu dugu". Bosgarren aldiz parte hartu dute lehiaketan eta izozki bat egitea erabaki dute guakamolearekin, Ibarrako piperrekin eta koloretako beste piper batzuekin. "Gaurkoa ospatzeko eguna izango da eta seguru gaude hurrengo urtean ere errepikatuko dugula", baieztatu dute.

Eguerdira arte itxaron behar izan da aurtengo berrikuntza nagusienetakoa ikusteko: Piperboom desafioa. Sei parte hartzaileek heldutako Ibarrako hamabi piper aukeratu behar izan dituzte eta pisatu ondoren, hiru minutuan jan dituzte. Haritz Lopezek eta Marius Badeak soilik lortu dute guztiak amaitzea. Horrenbestez, horien artean egin dute hurrengo lehiaketa. Hiru piper ahalik eta azkarren jan behar izan dituzte eta Marius Badea izan da lehenengoa. Antolatzaileak gustura geratu dira herritarrek emandako erantzunarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!