Elkartasun Eguna ospatuko dute, ostiralean, Ibarran

Irati Saizar Artola 2019ko ira. 4a, 16:34

Jesus Mari Aldunberriren eta Jon Mintegiagaren kasuak salatu eta elkartasuna adierazteko eguna izango dute etzi Ibarran; afarirako txartelak salgai daude dagoeneko.

Babes keinu bat egin asmoz, Elkartasun Egunak ospatuko dituzte asteburu honetan 11/13 sumarioko 47 auzipetuen herrietan. Tolosaldeko kasuan, Ibarran hartuko du lekua egun horrek, irailaren 6an, ostiralean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, «47 auzipetuen epaiketa salatuko dugu egun horretan, eta Ibarran, zehazki, Jesus Mari Aldunberri Kuduelduaindarraren eta Jon Mintegiaga Mindeibartarraren kasuak salatuko ditugu». Fiskaltzak 13 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du Kudurentzat, eta 15 urtekoa Minderentzat, hurrenez hurren.

Eguneko ekimen nagusia 19:00etan izango da: manifestazioa egingo dute Ibarrako plazatik abiatuta, Kudu, Minde eta 47ak herrianlelopean.

Horren osterako, kantu afaria antolatu dute eta dagoeneko eskuragarri jarri dituzte txartelak, Ibarrako Galtzaundi eta Atari tabernetan, eta Tolosako Amaiur eta Asteasuarran. Langileek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta ikasle zein langabetuek 12 euro.

Egunean bertan, auzipetuen aldeko kamisetak eta bizikleta elektriko baten zozketan parte hartzeko txartelak ere salgai egongo dira. Photocall bat ere jarriko dute, sare sozialetan argazkiak elkarbanatzeko.

Egun horretarako egitaraua herriko eragile, elkarte, lagunarte eta bolondres ezberdinen artean osatu dutela adierazi dute, «adin guztietako pertsonengan pentsatuta».

ESKUALDERA DEIA

Elduain eta Ibarrako herritarrez harago, eskualdeko herritarrei ere gerturatzeko deia luzatu nahi diete antolatzaileek: «Auzi honek eskualdeko bi herritarren eskubideak urratzeaz gain, oinarrizkoak diren eskubideak ere urratzen ditu, hala nola, antolatzeko eskubidea, eta presoen eta iheslarien aldeko jarduna garatzeko eskubidea».

IRAILAREN 14AN, BILBORA

Irailaren 16an epaituko dituzte 47 auzipetuak Madrilen. Bi egunen faltan, irailaren 14an, Bilboko kaleetan manifestazioa egingo dute. Autobusak antolatu dituzte bertara joateko, eta apuntatzeko zerrendak herrietako tabernetan jarrita daudela adierazi dute. 

EGITARAUA

Irailak 6, ostirala

17:00.Largabista, Bartolo eta Bartolaren jaitsiera.

Ondoren.Haur jolasak herriko begiraleekin.

17:30.Elkartasun korrikaldia; 47 itzuli plaza inguruan.

19:00.Manifestazioa plazatik hasita.

21:00.Kantu afaria plazan, herriko elkarteen eskutik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!