Gaur hasi dira Uzturpe Ikastolako obrak

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 10a, 14:59

Ikasturte hasieran izandako egitura arazoak konpontzeko lanak hasi dituzte. Irailean ikasle guztiak eraikin barruan egotea izango da helburua. Opor garaian ikastolako patioa itxita egongo da.

Ibarrako Uzturpe Ikastolak ondorengo oharra zabaldu du, lanak hasi direla iragartzeko:

"Dakizuen bezala, iazko udan ikastola barrutik eraberritzeko obran izandako istripuaren ondoren (sotoan hodi bat askatu eta ur galera handi baten ondorioz 4 zutabe mugitu ziren), eraikinaren hegal bat itxita izan dugu. Ondorioz, LH4tik gorako ikasle guztiak modularretan egon dira ikasturte osoan zehar.  

Ikasturte berriari begira 4 zutabeak egonkortu eta denok eraikinean egon ahal izateko lanean aritu gara. Eraikinari jarraipena egin, konponketa lanen proiektua gauzatu eta obra baimenak lortu ondoren, gaur hasi dira zutabeen egonkortze lanetan.

Hori dela eta, obra gauzatzen den bitartean debekatua egongo da ikastolako patioan sartzea. Segurtasunagatik, garrantzitsua da hau zuen seme-alabei adieraztea!

Egonkortze lanak, pitzaduren konponketa eta barruko egokitzeak irailaren erdirako amaitzea aurreikusten dugu. Hori horrela, LH 4tik gorako ikasleek ikasturtea modularretan hasiko dute eta ahalik eta azkarren denok eraikin eraberrituan egotea espero dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!