«2019-2020 ikasturtean, guztiak eraikin barruan hastea da asmoa»

Irati Saizar Artola 2018ko abe. 20a, 11:27

Uzturpe ikastolak antolatzen duen Elkartasun Kilometroa asteartean ospatu zuten, Ibarran. Ikasturte hasieran eraikinean izandako arazoengatik, bildutako dirua ikastola konpontzeko bideratu nahi dute.

Ez da erraza izan ikasturte hasiera Ibarrako Uzturpe Ikastolarentzat. Kurtsoa hastear zela eraikinaren zati bat mugitu egin zen, baina orain «egonkor» dagoela azaldu du Iker Gibelalde egungo zuzendariak. Urtero Elkartasun Kilometroa antolatzen dute elkarte bati laguntzeko. Aurtengoa asteartean ospatu zuten eta beraientzat gorde dute bildutako dirua.

Zein egoeratan dago Uzturpe ikastola momentu honetan?

Ikastola irailaren 6an mugitu zen. Ordu ezkero, ikastolako hegal batean sartzeko aukerarik ez dugu izan eta hilabeteko epea eman zitzaion ea gehiago mugituko zen edo ez ikusteko. Bi hilabete hauek pasa ondoren, txosten bat aurkeztu digute, eta emaitzen arabera, ez da mugitu gehiago. Egonkor dago, baina bere garaian lau zutabe mugitu ziren ur isurketaren ondorioz. Horrek pitzadurak eragin zituen. Ondorio bezala atera dugu lau zutabe horiek mikropilotatu egin behar direla. Ikasturte osoa joango zaigu, zeren, obra horiek ikastola hutsik dagoen momentuan egin behar dira, hau da, udan, eta printzipioz orain bezala jarraitu beharko dugu. Ikasleak, 13 talde, patioan jarri ditugun gela modularretan dauzkagu eta egia esanda nahiko baldintza onak eskaintzen dituzte gelek. Hotzik ez dugu pasatzen, espazio txukuna da eta ikasleak gustura daude, baita irakasleak ere. Behar ditugun baliabideak ditugu; wifi-a, arbel digitala, proiektoreak... denetarik daukagu.

Normaltasunez ari zarete klaseak ematen?

Bai, orain bai. Lehenengo astea izan genuen mugituena. Gero beste hilabete bat pasa zen modularrak muntatu arte. Egia esan, baldintza nahiko kaskarretan eta ahal zen moduan ibili ginen, baina behintzat klaseak eman genituen. Behin modularretan sartu garenetik %95eko normaltasunean gaude.

Moduluetan dauden ikasleek zer diote?

Egia esan nahiko gustura daude. Eraikinera bueltatuko liratekeela pentsatzen dut, baina ez dute kexarik egiten kanpoan daudelako. Modularretatik zuzenean kanpora ateratzea ere gustatzen zaie. Printzipioz, beraientzat esperientzia bat da, gainera, badakite denboraldi baterako dela.

Gurasoen aldetik zer jaso duzue?

Guraso bilerak direla eta, ia gehienek ezagutu dituzte gela modularrak eta uste baino hobeto daudela adierazi digute. Ikusi dute ondo muntatuta daudela, baliabideak badituztela, eta alde horretatik oso lasai daude.

Zein dira hurrengo pausoak?

Orain ikusi behar dena da obrak nork eramango dituen aurrera, eta seguruaren kontua ere hor daukagu. Lurzoru azpira sartu behar dute, beraz, ikastola kanpotik zulatuko dute, eta behin barrura sartu eta lanak egin behar dituzte. Ez da bakarrik lau zutabeak egonkortzea, obra erabat bukatu gabe zegoen eraikina mugitu zenean, eta azkeneko ukituak falta ziren. Pitzadurak ere konpondu behar dira. Esan digute udan egingarria dela eta beraz, 2019-2020 ikasturtean, guztiak eraikin barruan hastea da asmoa.

Zer eskatzen diozu urte berriari?

Gauza gehiegirik ez aldatzea eta berriro ez mugitzea. Esan digutenez oso egonkor omen dago, baina beldur pixka bat ematen digu. Udako obrak ondo joatea eta seguruak konponketa bere gain hartzea nahi dugu, izan ere, gela modularrekin soilik 125 mila euroko gastu batean sartu gara. Eta azkenik, udaran garaiz bukatzea obra lanak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!