EH Bildu koalizioak lortu ditu boto gehien Ibarran. Botoa emateko ekubidea duten 3.168 ibartarretatik 1.007k egin dute EH Bilduren aldeko hautua. Bigarren indarra EAJ izan da, 798 botorekin. 2015ean bezala, hortaz, EH Bilduk jaso du herritarren babes gehien, sei hautetsi lortuz. EAJk lau izango ditu, eta PSE-EEk bakarra eskuratu du.
Boto kopuruari begira, azken udal hauteskundeetatik EH Bilduk gora egin du, duela lau urte 941 boto eskuratu baitzituen. EAJk duela lau urteko emaitza okertu egin du, 2015ean 882 lortu baitzituen. Duela lau urte PSE-EEk 153 boto eskuratu zituen eta PPk 42 boto.
Igor Zapirain, alkate
Datuei erreparatuta Igor Zapirain izango da alkatea datozen lau urteetan eta pozik azaldu da. "Lehen balorazioa positiboa da. Hirugarren legegintzaldia gure esku egoteak esan nahi du orain arte lan ona egin dugula. Bide horretatik jarraitzeko asmoa dugu, herriari entzunaz eta herriarekin lan eginaz", esan du.
EH Bilduk 66 boto gehiago lortu ditu eta Zapirainen ustez igoera bi arrazoirengatik izan da, batez ere: "Orain arte egindako lan aipatuko nuke, alde batetik, eta, bestetik, aurkeztutako lantaldea nabarmenduko nuke; lantaldekoan herrigintzatik eta eragileetatik etorritako jendea dago, herri bizi bat egiteko apustua egiten duen pertsonak dira eta jendeak hori saritu du". "Legegintzaldi berrirako ilusioa dugu eta lan egiteko gogoz gaude, eta orain arteko ildotik jarraitu nahi dugu, Ibarra bizi bat eraikiz. Gazteak herrian geratzeko apustua egin nahi dugu ere", gaineratu du.
EAJko Itziar Jauregik bere aldetik "herriak hitz egin du eta aurrera begiratzen jarraitu behar dugu", esan du. "Orain arte bezala lanean jarraituko dugu". Alderdi jeltzaleak 90 botoren galera izan du eta hori PSE-EE alderdia sartu delako dela uste du Jauregik. "Horrek eragina izan du. Dena den, gustura nago beste alderdi bat udalera sartuko delako eta hiru alderdi egongo garelako. Legegintzaldi honetan ere lan egiteko prest gaude", gaineratu du.