«Herri bizi bat nahi dugu, ez lo egiteko bakarrik»

Irati Saizar Artola 2019ko mai. 8a, 11:58

Ibarrako udaletxean urteetan zinegotzi aritutakoa da Itziar Jauregi Huarte (Ibarra, 1956). Herri oso baten ongizatea bermatzeko lanean hasteko gogoz dagoela adierazi du. Udal hauteskundeetan EAJren alkategaia izango da.

Zaborrontzien ordutegi finkoa kentzearen alde egingo du Jauregik; Ibarra utzita eta zikinduta dagoela egotzi dio udal gobernuari.

EAJren bozeramalea izan zara azken urteetan udalean. Zein balorazio egiten duzu?

Egia esan gauza asko erakutsi dizkidan esperientzia izan da. Baditu bere alde onak, jendearekin oso harreman estua duzu edota iritziak partekatzen dituzu, baina alde negatiboak ere baditu, kexu guztiak zuretzat izaten baitira, eta horretarako ere prest egon behar duzu. Nik hori ere bizi izan dut, eta batzuetan gogorra da.

Zein da EH Bilduren udal gobernuaren inguruan duzun iritzia?

Esan behar dut beraien ideiak konpartitzea asko kostatzen zaiela. Eta konpartitzen dituztenean, guztia eginda eta erabakita egoten dela, eta ez dute entzuten. Zurekin kontatzen dutela ikusarazi nahi dute, baina beraien kabuz dabiltza beti. Haiek lan egiteko modu bat dute, eta guk beste bat daukagu. Guri erabakiak denen artean hartzea gustatzen zaigu eta ea akordioetara iritsi gaitezken ikusi.

Zuek nolako lantaldea osatu duzue?

Adin desberdinetako jendez osatu dugu, denen ikuspuntua edukitzea oso garrantzitsua baita. Lan egiteko gogoa duen taldea da, behar desberdinak ikusten dituena eta denen artean Ibarrari bira bat eman nahi diogu, herri bizi bat izan dadila eta ez lo egiteko herri bat bakarrik.

Zein proiektu landuko dituzue?

Badaude segituan lortu daitezkeen helburuak, adibidez, zaborrontzien ordutegi finkoa kentzea. Zortzi urte daramatzagu gai honekin eta ibartarron erosotasunera eta askatasunera iristeko unea iritsi da. Bestetik, Ibarra garbi edukitzea nahi dugu, utzita eta zikinduta ikusten baitugu; alokairu soziala eta oinezkoen segurtasunaren alde ere egingo dugu, orokorrean, garrantzitsuak dira guretzat.

Zein lan ildo proposatzen dituzue datozen urteetarako?

Guk taldean lan egin nahi dugu eta Ibarrako herritar guztiekin. Azken batean, beraiek dira benetako beharrak aipatu dizkigutenak.

Ibarra paralisi egoeran dagoela esan izan duzue. Zer doa oker?

Nik beste galdera batekin erantzungo dut: Zer egin da Ibarran azken 8 urteetan? Ibarra lo egiteko herri bat bihurtzen ari da gure ustez eta hori ez da batere ona. Ondoan Tolosa daukagu eta etxe baten moduan erabili ordez, bertan egiten diren ekintzak erabili beharko genituzke gure herria ezagutzera eramateko. Daukaguna erakutsi eta aldarrikatu egin behar dugu.

Ibarrako ekonomia, ostalaritza eta merkataritza indartuko dituzuela esan duzue. Nola egingo duzue hori?

Adibidez, baimenak eskatzerako orduan erraztasunak emanez. Burokraziarekin eta ordainketekin lagundu, hasieran batez ere. Aurrera atera ahal izateko ikerketak egin behar badituzte, zein pauso eman behar dituzten esango diegu. Laguntza eman eta oztoporik ez jartzea da gure asmoa.

EAJ alderdiak zer eskainiko dio Ibarra bezalako herri bati?

Herri oso baten ongizatea, auzo guztiena, eta hori azpimarratu nahiko nuke. Herriko atal guztien ongizatea, eta hori denon artean lan eginez bakarrik lortuko dugu. Bakoitza bere aldetik ibiltzen bagara, gaizki.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!