Politika feminista, ibartarrak erdigunean, kultura eta euskara, eta etxebizitza eta gazteria izango dira herri programako ardatz nagusiak.
Zergatik eman diozu baiezkoa alkategai izateko eskaintzari?
Urte asko daramatzat Ibarran lanean, bai kultur eragileetan, baita ikastolarekin ere. Apustu hau mahai gainean jarri zidatenean asko hausnartu behar izan nuen, ez bainaiz inoiz horrelako gai batean ibili. Baina iruditzen zitzaidan eragile nagusi bat izan nintekeela lantaldearekin batera.
Zein motatako Ibarra irudikatzen duzu alkatetzara iritsiko bazina?
Osatu dugun lantaldean aurpegi berriak ditugu, guztiak arlo ezberdinetatik gatozenak. Horrela, herri programa osatzerakoan lau ardatz jarri ditugu: politika feminista, ibartarrak erdigunean, kultura eta euskara, eta etxebizitza eta gazteria.
Ardatz horietatik abiatuta, zein proiektu egingo dituzue?
Adibidez, politika feministan, ikuspegi feminista zabaltzen jarraitu nahi dugu, zeharkakotasunez edo modu transbertsalean errotu nahi dugu, bai herrian eta baita udalgintzan ere. Hala nola, hirigintzan, kirolean, ingurunean eta gizarte zerbitzuetan. Ibartarron bizitza erdigunean esaten dugunean, guztiak barne hartu ditugu, nola gazteria, hala hirugarren adinekoak. Gure asmo eta erronka nagusienetako bat da gazteria herrian bertan geratzea eta kanpotik etorri nahi dutenek ere apustu hori egiteko aukera izatea. Horrek, etxebizitzen adarra dakar. Etxebizitza hutsei alternatiba bat ematen saiatuko gara; etxebizitza berriak egiteko proiektu batzuk ere baditugu.
Azken agintaldian hasitako lanari jarraipena emango diozue?
Lehendik hasitako lanekin jarraituko dugu, bai. Adibidez, Izaskungo frontoiaren berraztertze bat dago; Izaskungo bidearen zabaltzea eta herrian bertan aparkalekuak egiteko asmoak ere hor ditugu. Gai asko dauzkagu mahai gainean.
Sektore guztiak kontuan hartzeko zein neurri hartuko dituzue ?
Lehen sektorean, esaterako, ingurumenari dagokionean, Ibarrako piperra daukagu. Piperraren Mahaia sortu zenetik sentsibilizatuta gaude eta saiakera bat egin nahi dugu piperrarekin aurrera jarraitzeko. Bigarren sektorean, berriz, Apattako industriagunea dela eta, hainbat enpresa eta sindikaturekin hitz egitea gustatuko litzaiguke, Ibarrako langabezia tasa nola jaitsi aztertzeko. Azkenik, hirugarren sektoreari begira, martxan dauden proiektuak hartuko genituzke kontuan, adibidez, osasun arloan, Ibarra Martxan bezalako proiektuak. Horrelako taldeekin harremana estutu eta aurrera jarraitzea gustatuko litzaiguke, orain arte bezala. Gaztezulo zerbitzua ere aurreko agintaldian hasi zen eta jarraipena eman eta indartzea nahi dugu.
Zer eskainiko dio EH Bilduren udal taldeak Ibarrari?
Taldekideak herrian bizi garen lagunak gara, eta herria aurrera egiten ikusi nahi dugu gure seme-alaben etorkizuna bermatzeko, kalitate onean.
Nola egingo duzue lan?
Herri programan jarri ditugun lau ardatzak, eragile ezberdinei bidalitako galdeketetan lortutako emaitzen araberakoak dira. Azken batean, etorkizunean, jendeari galdetzen eta parte hartzea bultzatzen jarraituko dugu.