Goikoetxearen atxiloketa salatzeko elkarretaratzea deitu dute biharko

Ataria 2019ko apirilaren 25a

Tolosaldeko Amnistiaren Aldeko Eta Errepresioaren Aurkako mugimenduak Ibarran jarri du hitzordua, ostiralean, 20:00etan. Tolosaldeko AAM-k Andoni Goikoetxearen atxiloketaren aurrean ondorengo irakurketa eta deialdia zabaldu ditu:

"Atzo, beste behin ere, Guardia Zibilak kolpe gogorra eman zuen gure eskualdean Andoniren atxiloketarekin. Kolpe gogorra, zazpi urterako bahitu baitigute Andoni. Guardia Zibila kanpainan sartu da PSOE-ren eskutik, hobekien dakitena egiten; euskal militante iraultzaileak bahitu eta espetxeratu. Eta hori, ezin zaie dohainik atera. Euskal Herriak zanpatuta jarraitzen du kontrakoa saldu nahi badigute ere. Horregatik, gerra egitera etorri zirenekin inongo elkarbizitzarik ez dugula nahi, ez dugula behar diogu. Normalizazio politikoaren izenean, lo nahi gaituzte, eta kristauen antzera, kolpe bakoitza jasotzean beste masaila jartzea. Eta ez gaude prest horretarako. Horregatik, erasoen aurrean eman daitezkeen erantzun mota guztiak zilegizkoak dira guretzako. Amnistia Osoaren aldeko borrokara batzeko deia egiten dugu".

Azkenik, Andoni Goikoetxearen askatasuna eskatzeko eta amnistia aldarrikatzeko bihar, ostirala, 20:00etan Ibarrako plazan egingo duten elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!