Zazpi urteko espetxe zigorra jarri diote Andoni Goikoetxeari

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 24a, 19:06

Senide eta lagunak bi orduz galdezka ibili ondoren, 17:45ean, Goikoetxea atxilotua izan dela baieztatu die Donostiako Guardia Zibilaren komandantziatik.

Ibarrako Apatta Industrialdean guardia zibilen kontrol batean ikusi dute Andoni Goikoetxea 15:30ak pasata; ustez atxilotzen ari ziren. 15:45ean Tolosaldeko Ataria bertaratu eta ea norbait atxilotu duten galdetu die guardia zibilei. Eurekin zegoen gizonezko batek, kaleko jantziz jantzita, hori ezin dutela baieztatu azaldu du. Hala eta guztiz ere, "dagokion familia jakinaren gainean jarriko dutela" gaineratu du. Une horretan, Guardia Zibilaren auto bakarra zegoen Andoni Goikoetxeak lanera joateko zeraman autoaren ondoan. Gazteluarra lanean 16:00etan sartzekoa zen, baina ez da agertu. Senide eta lagunek ez zuten bere berririk. Abokatuarengana joan dira 16:30ean, eta azaldu dutenez honek ere ez zuen inongo albisterik: "Espainiako Auzitegi Nazionala bihar arte itxita dagoela eta ordura arte ezer jakiterik ez duela esan digu abokatuak". 

Senide eta lagunek ez dute deirik jaso eta egoera horren aurrean Tolosako Guardia Zibilaren kuartelera joatea erabaki dute. "Hara sartzen ikusi omen dituzte eta bertara joan gara. Ez dutela inolako informaziorik esan digute, baina edukita ere, ezin digutela eman, hori komandantziaren kontua delako". Donostiako Guardia Zibilaren komandantziara deitu dute orduan, eta bertan baieztatu die Goikoetxearen atxiloketa. "Andonik telefono zenbaki bat eman diela esan digute komandantziatik, eta telefono horretara deituko dutela", azaldu dute gazteluarraren ingurukoek. Non dagoen, nora daramaten edo zergatik atxilotu duten ez die azaldu.

Ondoren, 18:15ak inguruan, Goikoetxearen deia jaso dute senideek: "Tres Cantos-era (Madril) daramatela esan digu. Zazpi urteko espetxe zigorra jarri diotela. Atxiloketa unean sententziarekin joan zaizkiola. Jaso duen tratua ona izan dela ere esan digu; lasaia".

Apirilaren 9an, epaiketa

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zuten Andoni Goikoetxea hilabete honen hasieran, apirilaren 9an. Fiskaltzak 9 urteko espetxe zigorra eskatu zuen eta AVT-k 10ekoa. Defentsak absoluzioa eskatu zuen. Epaiaren zain gazteluarra aske geratu zen. Epailea hilabete inguruko tartea hartzekoa zen epaia eman aurretik.

ETAko kide izatea leporatuta 2013an atxilotu zuten Andoni Goikoetxea. Frantzian 7 urteko espetxe zigorra bete ondoren 2017ko azaroan aske geratu zen.

Erreakzioak

Atxiloketa gertatu bezain pronto Tolosaldeko Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako mugimenduak oharra zabaldu du sare sozialetan, atxiloketaren berri emanaz: "Andoni Goikoetxea gazteluarra atxilotu du Guardia zibilak orain minutu gutxi Apattako errotondan (Ibarra)". Ondoren, Goikoetxearen askatasuna eskatu dute: "Tolosaldeko Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimendutik gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi du Andoni eta haren sendiekin eta gure gorroto guztia espainiar indar okupatzaileei eta modu batera edo bestera, hauek zuritzen dabiltzanei. Andoni askatu!"

Arratsaldean zehar Sortuk ere "gogor" salatu du gazteluarraren atxiloketa: "Andoni Goikoetxea gazteluarraren atxiloketa gogor salatzen du SORTUk. Hemen batzuek interes handiegia dute herri honek aurrera egin ez dezan, kosta ahala kosta iraganera kateatzen saiatzen baitira. Bakean eta bizikidetzan oinarritutako agertoki bat irrikaz desio du Euskal Herriak, eta horretarako ezinbestekoa da kartzelak hustea. Ez da, beraz, espetxeak betetzeko garaia, horrek ez baitu bake agertoki bat eraikitzen laguntzen. Goikoetxea lehenbailehen askatu eta herri hau bakean utz dezaten exijitzen dugu".

Batzar informatiboa

Gaur, 19:30ean, batzar informatiboa deitu dute Gaztelun: "Andoni Goikoetxea herrikidea atxilotu berri duten honetan, Gazteluko herritarrek gaur atsaldeko19:30tan batzar informatiboa deitzen dugu herriko plazan. Andoniren atxiloketa ozen salatzen dugu eta bere berehalako kaleratzea exijitu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!