Maite Aranalde espetxeratu egin dute

Ataria 2018ko ira. 20a, 11:57

Maite Aranalderen aldeko manifestazioaren ondoren, elkarretaratzea egin zuten, atzo, Ibarrako udaletxe parean. JOSU ARTUTXA

Maite Aranalde Ijurko euskal preso politikoa espetxeratzeko agindua eman du Auzitegi Nazionaleko epaileak, han deklaratu ostean. Ibartarraren aurkako bi Euroagindu eskaera zirela eta, atzo Espainiaratu zuten Frantziatik, han zuen zigorra bete ostean. Epaiketaren zain geratuko da orain.

Jokin Aranalde Maite Aranalderen aitak salatu duenez, «nahi dutena egiten dute gurekin, egun batean gauza bat esan, eta hurrengoan beste bat egin, eta protokoloak ere ez dituzte jarraitzen». Izan ere, bere hitzetan, ibartarraren aurkako Euroagindu bat hartuko zutela kontuan eta horien inguruan deklaratuko zuela gaur Auzitegi Nazionalean azaldu zioten Aranalderen abokatuari, baina, azkenean bere aurkako bi Euroaginduen inguruan deklaratu du epailearen aurrean.

Bada, deklaratu ostean, ibartarra espetxeratzeko agindua eman du epaileak, eta epaiketaren zain geratuko da orain. Jokin Aranaldek adierazitakoaren arabera, bi epaiketa izango lituzke, eta hori hilabeteetan izatea espero da: «Normalean Euroaginduetatik datozen epaiketak ez dira urteetan luzatzen, hilabeteetan egiten dira, 2-3 hilabeteetan kasu batzuetan». Bere abokatuek Maite Aranalderen aurkako akusazio orokorra soilik dutela gehitu du, eta dokumentazio osoa izateko esperoan daudela, kasua ondo aztertzeko.

Maite Aranalde 2009an askatu zuten lehen aldiz, zazpi urtez kartzelan egon ondoren. Hala ere, azken zortzi urteak Frantziako espetxe desberdinetan dispertsatuta pasa dituela salatu zuten, atzo, Ibarrako plazan, manifestazioa amaitu berritan.

Manifestazio isila izan zen. «Maite etxera, estradiziorik ez» mezua idatzita zeraman pankartaren atzetik, ehunka herritarrek eman zioten babesa Aranalderi, eta herrian ere bere aldeko mezuak irakur zitezkeen beste pankarta batzuetan. Euskal Herria kalea zeharkatu ondoren, plazan eman zioten amaiera ekitaldiari. 

Gaur arratsaldeko 19:30ean batzar informatiboa deitu dute Ibarrako sarreran, eta batzarraren ondoren mobilizazioa ere burutuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!