Herri ipuinak ez dira liburuetan idatzita egoteko, ahoz aho zabaltzeko baizik. Ohitura hori galtzen ari da, ordea, eta berreskuratu egin nahi du Ines Bengoa ipuin kontalariak. Horretarako, helduentzako ipuinak kontatuko ditu, Ibarrako kultur etxean, gaur arratsaldeko 19:00etan.
Herri ipuinak izango dira guztiak. «Lehen ohitura handiagoa zegoen elkarri istorioak kontatzeko, ez bakarrik txisteak edo pasadizoak, baizik eta istorioak. Nik horixe egin behar dut», azaldu du Bengoak. Publiko guztiarentzako istorioak dira, baina duten mezua helduek hobeto ulertuko dute.
Iturri zaharreko istorioak izena jarri dio saioari. Garai batean, iturriak elkartzeko lekua ziren. Emakumeek arropa garbitzen zuten bertan, gizonek abereak eramaten zituzten ura edatera eta haurrak ere bertan egoten ziren jolasten edo etxerako ura hartzen. Ordutik bizimodua asko aldatu da eta beste ohitura batzuk daude orain. Iturriak badira herrietan eta hirietan, baina ez dira lehengo moduan elkargune bat. «Ni kontalaria naizen aldetik, beti istorioak dauden tokiak bilatzen ditu eta iruditzen zait iturria horietako bat dela. Horregatik egin dut ipuin saio hau», dio Bengoak.
Mota askotako istorioak
Kontatuko dituen istorioek, gehienbat, herriko jendearen jakinduriaz hitz egiten dute. Bengoak azaldu duenez, ahularen alde egiten dute herri ipuinek eta botererik ez daukatenei eman egiten diete. Berak horrelako istorioak kontatzea erabaki du Ibarrako saioan. Gainera, beste ipuin bat ere aukeratu du herri ipuin guztiak matxistak ez direla erakusteko. «Badaude protagonistak emakumeak diren herri ipuinak, inoiz entzun izan ez ditugunak», dio Bengoak.
Kontatuko dituen istorioak penintsula osokoak dira, hemen inguruko bakarren bat ere hartu duen arren. Herri ipuinak errepikatu egiten dira eta oso antzekoak dira leku desberdinetan. Bengoak dioenez, orain arte herri ipuinak ahoz aho zabaldu direnez, Asian kontatzen diren istorioak eta hemen kontatzen direnak antzekoak dira. «Bitxia da oso, baina era berean poza ematen dit elkartzen gaituen zerbait dagoelako istorioetan». Kultura desberdinak direla ematen duen arren, gauza antzekoei buruz hitz egiten dute: beharrei buruz, beldurrei buruz...
Ibarrako saioan umorea oso presente egongo da. Horrez gain, herriaren jakinduria ere landuko da eta emakumeak ere protagonista izango dira.
Garai berriak, funtzio bera
Garai batean, entretenitzeko zeukaten ipuin kontaketek eta edozein momentu zen ona horretarako. Gaur egun, berriz, lekua aurkitu behar da. «Ez daukagu ohiturarik gauzak elkarri kontatzeko», dio Bengoak. Ogibideak ere bestelakoak ziren eta nekazaritza mundu horren inguruan herri ipuin asko kontatzen ziren. Bengoak kontatuko dituen istorioen artean mundu hori ere ikusten da: nekazariak, abeltzainak... «Pixka bat galtzen doan mundua da».
Iturri inguruko konfiantza giro hartan istorio lizunak kontatzea ez zen batere zaila eta Bengoak ere horrelako istorioren bat kontatuko du.
14-15 urtetik gorakoei zuzendutako saioa izango da. Hain zuzen ere, Bengoak hiru publiko desberdini zuzendutako saioak antolatzen ditu: haurrentzakoak, gazteentzakoak eta helduentzakoak. «Helduen saioetara gazteak ere joan daitezke, baina denak gazteak diren saioetan gazte horiek bestelako interes guneak izaten dituzte.
Bengoa ez da hasi berria istorio kontalari. Hamabost urte baino gehiago daramatza, gehienak haurrekin. «Umeak mundialak dira. Ez daukate lotsarik eta pentsatzen dutena esaten dizute, bai onerako, bai txarrerako», dio Bengoak. «Helduek, berriz, ez dituzte beraien sentimenduak hain erraz adierazten. Alde horretatik, umeak gustatzen zaizkit», gaineratu du. Hala ere, helduak ere gustuko dituela dio: «Ohitura galdu denez istorioak entzuteko, ipuinak kontatzen dizkigutenean asko eskertzen dugu». Jendea bere ipuinak entzutera joatea nahiko luke: «Nik esango nieke entzuleei tarte hori beraientzako hartzeko». Bengoak dioenez, behar bat daukagu istorioak entzuteko eta behar hori asetzeko aukera egongo da Ibarran.