'Arria V'.a Urrezko Binakako Aizkora Txapelketatik kanpo geratu da

Ataria 2019ko otsailaren 18a

Iker Vicente eta Ruben Saralegi lehengusuek lortu dute finalerako azken txartela. Aitzol Atutxa-Julen Alberdi eta Mikel Larrañaga-Eneko Otaño izango dira Azpeitian egongo diren beste bi bikoteak.

Xabier Orbegozo Arria V.ak eta Jon Rekondo finalaren ateetan gelditu ziren igandean, Oñatin. Vicente eta Saralegi zituzten aurkari, Urrezko Aizkoraren Binakako Txapelketan, minutu eta erdi atera zizkien Ibarran bizi den errezildarrari eta leitzarrari. Lehengusuen denbora 25 minutu eta 22 segundokoa izan zen, eta Arria V-Rekondorena, 26.52koa.

 Emakumeen Urrezko Txapelketan Irati Astondoa nagusitu zitzaion Itxaso Onsalori, finalerako txartela lortuz. Finalean Maika Ariztegi eta Nerea Sorondo izango ditu zain bizkaitarrak.

Harri-jasotze txapelketan ere finala erabakita geratu zen. Xabier Aburuza Guzta izan zen azken txartela lortu zuen harri-jasotzailea, 2.625 kilo jasoaz. Azpeitian, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Aimar Galarraga izango ditu aurkari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!