Loatzo musika eskolako ikasleek elkartrukea egingo dute Katalunian

Jon Miranda Labaien 2019ko ots. 14a, 12:58

Vilafranca del Penedes herriko musika eskolarekin trukea egiteko, gaur abiatuko dira eskualdeko musika eskolako 50 ikasle; maiatzean, ikasle katalanak izango dira gure artean

Gaur abiatuko dira Loatzo musika eskolako 50 pertsona, Herrialde Katalanetara, Bartzelona probintzian dagoen Vilafranca del Penedes herrira. Hirugarren aldia da, eskualdekoek hango musika eskolako ikasleekin elkartrukea egiten dutela. Igandera bitartean kultura katalanean murgiltzeko aukera izango dute, bidaian parte hartzen dutenek. «Ikasleen motibazioa handia izaten da eta, beste kultura bat ezagutzeko aukera izatearekin batera, Euskal Herrikoa zabaltzeko modua ere izaten dugu», esan du Ainhoa Elizondo Loatzo musika eskolako irakasleak.

Sei irakaslek eta 13 ta 19 urte arteko 40 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte elkar trukean. «Herrialde Katalanetan zerbait egiteko asmoa genuela-eta, duela urte batzuk Vilafranca del Penedeseko musika eskolako zuzendariarekin jarri ginen harremanetan. Lehen aldi hartan dena ondo atera zen, eta primerako harrera egin ziguten. Oso esperientzia atsegina izan da orain artekoa, eta horregatik erabaki dugu aurten ere errepikatzea». 2016an egin zuten, azkenekoz, joan-etorriko bidaia, eta aurten ere asmo berdinekin dabiltza. Maiatzean, hango musika eskolako ikasleak bertaratuko dira eskualdera.

EGITARAU BETEA

Gaur abiatu eta igandean itzuliko dira Tolosaldeko ikasleak, eta egonaldia Vilafranca del Penedeseko musika eskolako ikasleen etxeetan egingo dute. Gaur, iristerakoan, emanaldi txiki bat eskainiko diete bertako ikasleek, eta bihartik aurrera egitarau oparoa izango dute Loatzokoek.

Bihar goizean udaletxean egingo diete harrera ofiziala eta, ondoren, 40.000 biztanle dituen herrian zehar bisita egingo dute. «Besteak bete, herriko castellersen lokalera gerturatuko gara, eta haien eskutik tailer batean hartuko dugu parte». Arratsaldean, hurrengo egunerako entsegu bat egingo dute bi musika eskolako ikasleek, elkarrekin, eta 19:00etan kalejira erraldoi bat egingo dute herriko kaleetan. Kataluniako eta Euskal Herriko doinuak entzun ahal izango dira.

Larunbat goiza inguruneak ezagutzeko baliatuko dute Loatzoko ikasleek, eta Sitges herria bisitatuko dute. Arratsaldean izango da emanaldi nagusia. Herriko Cal Bolet antzokian, 19:00etan, 120 musikari inguru bilduko dira. «Euskal errepertorioko kantuak eskainiko ditugu, eta baita kantu modernoagoak ere. Kataluniako doinuak ere entzungo dira eta nazioarteko musikak presentzia izango du saio horretan. Aurreko urteetan, emanaldiak oso harrera ona izaten du eta jende asko gerturatu izan da. Oso antzoki ederra da, gainera, Vilafranca del Penedesekoa», esan du Elizondok.

Kontzertuaren ondoren, elkarrekin afalduko dute bi musika eskoletako ikasleek, harremanak are gehiago estutzeko. Igandean egingo dute buelta eskualdera, eta Loatzoko ikasleak zain geratuko dira bisita noiz itzuliko dieten. Beso zabalik hartuko dituzte maiatzean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!