Itziar Jauregi izango da EAJren Ibarrako hautagaia

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 5a, 13:10

Eguerdian aurkeztu du alderdi jeltzaleak Ibarrako zerrendaburua: Itziar Jauregi ibartarra izango da. Joseba Egibarren laguntzaz egin du aurkezpen ekitaldia. "Herritar guztien ongizatea bermatzea" izango dela lehentasuna adierazi du Jauregik.

Ibarrako EAJk aho batez aukeratu du Itziar Jauregi maiatzeko hauteskundeetarako hautagai izateko. «Ibarra eta ibartar guztiekiko nire eta lantalde osoaren konpromiso irmoa berresten dut: herritar guztien ongizatea bermatzea izango da gure lehentasuna», adierazi zuen Jauregik aurkezpenean.

Atzo eguerdian egin zuten ekitaldia Ibarrako Arane iturrian, eta Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako Buru Batzarreko presidentea izan zuen aldamenean Jauregik.Egibarrek azpimarratu zuenez, EAJren helburu nagusia «herri honi etorkizun politiko eta ekonomikoa ziurtatzea da», eta hori lortzeko herri proiektua duen bakarra EAJ dela gogorarazi zuen. 

Bi legealdi oposizioan eman ondoren, Jauregik jakinarazi zuen «gogoz eta prest» hartu zuela alkategai izateko konpromisoa. Gaur egungo Ibarrak hobetzeko «asko» duela adierazi zuen: «Gizartea aldatzen joan da, eta aldaketa horiei erantzuteko gai izan behar dugu. Gaur egun ez da horrela, Ibarra geldirik dago».  Ibarra, berez, herri erakargarri bat dela gogoratu du, baina «momentu honetan kontrako irudia ematen ari gara; ez dago konpromisorik, ez dago proposamenik, ez dago proiekturik. Eta guk, paralisi egoera hori aldatzeko konpromisoa hartzen dugu».

Egoera horri buelta ematea da EAJren nahia. Herriaren nortasuna eta garrantzia etorkizunean ere bermatzeko proiektu «sendoa» dutela adierazi zuen Jauregik, «pertsonak, gazteak, haurrak eta helduak erdigunean kokatuz». Proposamen eta neurri zehatzak hartuko ditu lantaldeak, «Ibarrak dituen arazo eta erronkei erantzuteko». Gizarte politika sendotuko dute, izan ere, «Ibarra zikina dago, eta txukun eta garbi mantentzeko hartu behar diren neurriak hartuko ditugu, hondakinen kudeaketarako sistema berri bat ezarriz, aparkalekuen arazoei irtenbidea emanez, eta Ibarrako ekonomia, ostalaritza eta merkataritza indarberrituz».

Jauregik publikoki eskertu zuen jasotako babesa eta konfiantza. «Ibarrako etorkizunaren alde lan egingo duen taldea irekia eta askotarikoa da, baina denok elkarbanatzen dugu helburu bera: gure herriaren eta ibartarron ongizatea bermatzea, behingoz, indarkeriak eta inposizioak alde batera utzita».

Gobernantza eredu berri baten parte izatera gonbidatu zituen Ibarrako herritarrak, «Ibarrak eta ibartarrok merezi dugulako herri hobe bat eta etorkizuneko erronkei erantzuteko prest egongo dena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!