Festa bat eta 7.500 kroketa

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abe. 9a, 19:30

Gaurkoa Ibarrako Izaskun jatetxearen azken eguna izaten ari da. Eguerdian, sorpresa bat jaso dute bertakoek, eta bazkarirako bildu dira ehunka pertsona. Arratsaldean, musika eta guzti jarraitu du festak. Egun osoan zehar, 7.500 kroketa baino gehiago eman dituztela aitortu dute.

"Bai, bai. 7.500 edo gehiago bai. Bi erretilu handi oraingoz". Halaxe aipatu du Iñaki Amondarain jatetxeko jabe eta langileak. Itxi arte, gainera, gehiago banatzeko asmoz daude. Hala ere, gaur ez dute afaririk emango, inguruko senideekin eta lagunekin egindako bazkariarekin nahikoa dutelako.

Azkenean heldu da eguna. Gaur itxiko ditu ateak betiko Ibarrako Izaskun jatetxeak. Emozio handiko orduak izango dira azken hauek. Egun guztian zehar ere sentimendu ugari nahastu dira bertan. Goizean, sorpresa bat eman diete bazkaltzera gonbidatuta zeuden lagun eta senideek. Amondarain-Lizarribar senideei agurra dantzatzeaz gain, bertso bat abestu eta lore sorta eta txapela bana oparitu dizkiete.

Argazkiak ateratzen nahiz dantzan aritu dira bazkal ostean bertaratu direnak, hamarkada luzeetako lanari behar bezalako amaiera eman eta ospakizun dotore bat egiteko. Bihartik aurrera, bestelako bizitza bat hasiko da bertako jabeentzat.

Hauek izan dira bertako jabeei kantatu dizkieten bertsoak, Aita semeak tabernan daude kantuaren doinuan:

Hutsetik hasi esku biluzik
akatsetatik ikasiz
lana bizimodu bihurtu zen
zuen onena eskainiz

Boda, bataio, mendizaleak,
paseanteak, gazteak
belaunaldien garapenaren
testigu ezin hobeak

Zuen kopetako izerdia
familiaren sostengu
ekinak eman duen errenta
horren ispilu gara gu

Deskantsu garaia iritsi da
gozatu bizi berria
urte askotan ez da ahaztuko
Izaskungo familia

Erlazionatuak

Izaskun jatetxea, ixtear

Irati Saizar Artola 2018 abe 06 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!