Izaskun jatetxea, ixtear

Irati Saizar Artola 2018ko abe. 6a, 10:30

Igandean itxiko ditu ateak Ibarrako Izaskun jatetxeak, 60 urteren ondoren. Agurreko egunean, hain ezagun egin diren kroketak banatuko dituzte.

Duela 60 urte ireki zituen Izaskun jatetxeko ateak Amondarain Lizarribar sendiak. «Ordu ezkero, sua askorik itzali gabe egon da sukalde honetan», diote anai-arrebek. Mari Karmen da senideetan zaharrena, eta jarraian datoz Josetxo, Mari Angeles, Iñaki, Pili, Mikel eta Itziar.

Hauen gurasoak izan ziren 1958. urtean taberna irekitzeko hautua hartu zutenak. Izaskungo Arretxe baserrikoa zen aita, Andres Amondarain Rezola, eta Altzokoa ama, Jexuxa Lizarribar Goenaga. «Bederatzi senide ginen, nahiz eta orain zazpi egon, eta familia aurrera ateratzeko taberna bat irekitzea bururatu zitzaigun. Izan ere, Izaskunera jendea etortzen zen, eta zerbait jateko lekurik ez zegoen». Orain jatetxea dagoen eraikina, izeba bat bizitzeko eraiki zuten. Beheko solairua hutsik geratu zen eta leku aproposa ikusi zuten taberna bat irekitzeko.

Gogoan dute ideia handiegirik gabe hasi zirela lanean, bereziki Mari Karmenek: «13 urterekin hasi nintzen tabernan, ez genuen ideiarik ezta kobratzeko ere. Pixkanaka-pixkanaka ikasi nuen». Izebak aritzen ziren sukaldean lanean, gosariak ematetik hasi eta afariak bukatu arte.

Lehen solairuan, jangela txiki bat zuten lehen. «Makina bat erretilu eraman izan ditugu eskaileretan gora eta behera. Orain ikusten ditudanean, ez dut sinistu ere egiten hainbeste denbora egin genuela eskailera horietan bueltaka».

Ez dute ahaztua egun batean sekulako jende pila ustekabean etorri zenekoa. «Jatetxe azpiko zelaietan baratze bat genuen. Han bidaltzen ninduten korrika letxugak-eta ekartzera, berriro bukatu zirela eta han joaten nintzen ziztu bizian berriro», gogoratu du Mari Karmenek. Josetxori ere ez zaio ahaztu inguruko baserrietara zenbat korrika saio egin zituen arrautza bila.

Hazi eta hazi zihoan bezeroen eskaria. Eskualdeko jendearen ezkontza, komunio eta bataio ospakizunen leku zen jatetxea. «Ezkontzak ez ziren 100 lagunetik jaisten». Egoerak bultzatuta, obra egitea pentsatu zuten; goiko jangelaren ordez, beste leku bat irekitzea. Halaxe egin zuten 1972. urtean. Egun, jantokia den eremu hori erantsi zioten tabernari. Hala, 200 lagun ingururentzat egin zuten lekua. 1974tik hona, jasoak ditu Pilik haien jatetxea zapaldu dutenen zerrendak. Urtez urte agendak jasotzen joan da.

60 urte hauetan, belaunaldi osoak jatetxetik pasatzen ikustea «pozgarria» dela diote. «Familia berdinean, hasi ezkontzetatik, eta bataioak, komunioak eta ospakizun guztiak gure jatetxean egiteak poza eragiten digu». Hasieratik jo dute garrantzizko bezeroei atentzio egokia ematea. «Jendea bere etxera bezala etortzen da hona, eta hori ona da».

Ospakizunez gain, jendeak ohitura handia du Izaskunera paseatzera joateko. Horietako askok, mokadu bat jateko aprobetxatzen dute. «Maiatzean, eguraldi ona hastean, goizean bederatzietarako jendea izaten genuen eta gosari ederrak ematen genituen».

Garaiak aldatu egin direla ez dute dudarik egiten. «Lehen jendeak lasaiago edaten zuen, ez baitzegoen hainbeste kontrol errepideetan. Asko edaten zen, izugarri». Ohiturak ere aldatuz doaz: «Garai batean jangelara sartu aurretik, bermut asko ateratzen genituen, baina orain zuzenean sartzen dira jantokira, aurretik ezer hartu gabe. Nola aldatu diren gauzak».

KROKETEN OSPEA

Asko aldatu ez direnak Izaskungo kroketak dira. Ia mila kroketa egiten dituzte egunero. «Jai egunetan, jendea Uzturre menditik behera datorrenean, 1.500 kroketa inguru ematen ditugu». Izeba Joxepi izan zen kroketak egiten hasi zena, ontzi txiki batean. Mari Angelesek laguntzen zion, eta gogoan du beti arrosarioa kantatuz bildu behar izaten zituela: «Orduan, bi kutxarekin biltzen genituen eta forma luzexka zuten». Geroztik hasi da Iñaki egunero-egunero kroketak biltzen. Famatu egin ziren bere garaian, eta eguneroko jaki bihurtu dira gaur arte. Eguerdiko geldialdiaren ostean, arratsaldeko seietan jartzen dute frijigailua martxan eta zain izaten dute jendea: «Jendea zain egoten da ordularian seiak noiz joko, kroketak eskatu ahal izateko».

Anekdota moduan gogoan dute behin gizonezko batek 80 kroketa jateko apustua egin zuela. «Mareatuta bezala geratu zen». Kalkuluak atera zituzten ea zenbat irin jan ote zuen, eta 2 kilo baino gehiago irentsi zituela ondorioztatu zuten. Josetxok barrez gogoratzen du: «Gizajoa gainera bazkaldu gabe etorri zen, eta okerrago izan zen, masa bezala geratu zitzaion sabelean».

Kroketak, ordea, gauza berriak probatzera geratzeko amu ere izan dira askotan. Piliren esanetan, «arrain zopak eta tripakiek ere ospe ona izan dute». Ireki zutenetik, plater tradizionalen aldeko apustua egin zuten eta era berean amaitu nahi dute. «Jendeak badaki hemen zer jaten den, eta bizitza guztian antzekoa egin dugu. Zerbait berezia jan nahi duena ez da hona etorri izan».

ITXIERA, TRISTURAZ

Pena handiz hartu dute 60 urteren ostean jatetxea itxi behar izateko erabakia. Iñaki eta Pili jubilatzera doaz, horregatik itxiera.

Abenduaren 9an itxiko dituzte ateak, urtero Gabon inguruan egin ohi duten moduan. Amondarain Lizarribar sendiak, ordea, ez ditu berriro Izaskun jatetxeko ateak irekiko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!