2019. urterako aurrekontua onartu du Ibarrako Udalak

Irati Saizar Artola 2018ko aza. 28a, 11:00

Legegintzaldi honetan egindako apustu eta kontratazioak mantentzea adostu dute datorren urterako; gauzatu gabe geratu diren proiektuak ere aurrekontuan onartu dituzte.

Ibarrako Udalak azaroaren 15eko Osoko Bilkuran onartu zuten 2019. urterako aurrekontua, beste puntu batzuen artean.

Aurten erabili dituzten irizpideak indarrean jarraituko dutela adierazi dute datorren urtean ere. Orain arte legegintzaldian aurrera eraman dituzten apustuak eta egindako kontratazioak mantendu nahi izan dituzte, nahi bezalako emaitzak jaso dituztelako eta horiek egonkortu eta mantentzea nahi dutelako. Besteak beste, Gaztezulorekin, berdintasun teknikariarekin, garbiketarekin, argiteriaren aldaketekin, arauekin eta irisgarritasunarekin egindako apustu eta kontratazioak mantendu nahi dituzte, beraz.

Bestalde, udalak duen zorra lehenago kentzeko ahalegina ere mantendu egingo dutela jakinarazi dute aurrekontu horrekin. Eta denbora faltagatik aurten gauzatu ez dituzten proiektuak datorren urterako onartu dituzte, datorren urtean egin ditzaten. Horrez gain, mailegu aldaketa egitea aurreikusi dute martxorako, horrela, proiektu berriei ateak zabaltzeko aukera izango baitute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!