«Ez gaitezen erlaxatu»

Ataria 2018ko azaroaren 19a

Euskaraldiko lantaldea indartu eta Belarriprest zein Ahobiziak lortzea dute helburu Ibarran. Orain arte lauzpabost pertsona aritu dira biltzen eta aurrerantzean talde hori saretzen joatea izango dute helburu. Talde horretan aritzen da Onintza Aranalde.

Lortu al dituzue Belarriprest eta Ahobiziak?
Irailetik aurrerako lana izaten ari da hori, baina horietara iristeko lantaldea indartu behar dugu. Txontxo udal lokalean astean behin biltzen gara eta ateak zabalik daude. Asmoa da gu iristen ez garen jende hori ere erakartzea. Parte hartu nahi duenak ateak zabalik topatuko ditu, eta ez bakarrik Txontxoko hitzordu horietan, baita udaleko Euskara sailarekin harremanetan jarrita ere.

Ibarran ere Euskaraldiako ekintza zehatzak egiteko asmoa al duzue?
Ez ditugu lotu oraindik, baina bai. Euskaraldia bitarte girotzen joateko ekitaldiak izango ditugu, jendeak jakin dezan benetan zer diren Ahobizi eta Belarriprest gurak. Lanik zailena hori izango baita. Euskaraldia jendetsua izatea nahi dugu, guztion ardura baita euskararen erabilera indartzea.

Ezagutza maila oso altua baita, arazoa erabileran dago...
Eta ez da Ibarrako egoera bakarrik, tamalez herri askotan ematen ari den zerbait da; euskararen ezagutza geroz eta handiagoa da, baina erabilpenean beherakada eman da. Haurrei islatzen ari garena da euskara haurren hizkuntza dela eta koskortu eta heldutasun batera iritsita, gaztelera erabili behar dela, hor lanketa handia egin behar dugu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!