Zapirain Tolosan jaioa da, 1975an, baina 14 urte zituenetik Ibarran egin du bizitza. Elektrizitate, elektronika eta mekanika industrialeko ikasketak ditu, eta azken 22 urteotan enpresa berean egin du lan, produkzio-ingeniaritza sailean.
Ibarrako hainbat eragilerekin lanean aritua da, hala nola, Ikastolako Guraso Elkartean, Errektore Kontseiluan –hiru urtez izan zen, horietako bi lehendakari gisa– Sendi Ekintza elkartean edota Hauspoa Kultur Elkartean. Kirolzalea ere bada: mendia, txirrindularitza eta korri egitea ditu gustuko.
EH Bilduk emandako aukera eskertu du Zapirainek: «Apustu arduratsua da, baina bete-betean heltzeko prest nago. Herriko martxa ezagutzen dut eragileen ikuspuntutik, eta orain herriaren martxa barrutik ezagutzeko aukera izatea polita iruditzen zait». Aurreko legealdian herri programa osatzen parte hartu zuen alkategai berriak, eta programa hartatik itxi gabe geratu diren puntuak «ixteko eta datozenak heltzeko gogoz» dagoela onartu du.
Hain zuzen hori izan da Ibarrako EH Bilduk alkategaia aukeratzerakoan kontutan hartu duena: «Garbi dago alkategai denak ilusioa izan behar duela, eta era berean ezinegon bat ere bai. Gure kasuan lehen aukera berea izan zen eta baiezkoa eman zuen. Herrian badu ibilbide bat, ezagutzen ditu eragileak eta herriarekiko beti azaldu du konpromiso bat», esan du Mikel Agirrezabala, egungo alkateak.
Herri programa, «osatzen»
Hauteskundeetarako herri-programa dela-eta, EH Bildu eta hautagaiak herriko eragileekin harremanetan jarriko dira hemendik aurrera, beren iritzi, kezka eta iradokizunak jasotzeko, udal hauteskundeetarako programa osatze aldera.
Urtarrilean emango dituzte xehetasun gehiago, baina aurreratu dutenez, eta batzar orokor batean ondorioztatutakotik, lau gai jo dituzte estrategikotzat: etxebizitza, politika feminista, kultura eta herrigintza, eta euskara. Horrez gain, gazteengan eta hirugarren adinekoengan fokua jartzea gustatuko litzaiokeela onartu du Zapirainek.
Herritarren parte hartzea eta laguntza eskatu ditu, «denok nahi dugun Ibarra eraikitzeko: parekidea, anitza, euskalduna, abertzalea, gaztea eta hirugarren adinekoei erantzuten dakiena».
Bien bitartean, hurrengo udal hauteskundeetako taldea egungo udal taldearekin lanean jarri dela adierazi du Agirrezabalak: «Ez dakigu zein puntura iritsi ahal izango dugun oraingo legealdian, baina gauza batzuk agian amaitu ezingo ditugunez, horiei jarraipen bat ematea komeni zaigu herri modura. Trantsizio hori egon dadin eta etorkizuneko erronkei heltzeko, lanean hasi gara elkarrekin».