«Etxekoen laguntzarik gabe txapela hau ez zen iritsiko»

Asier Imaz 2018ko aza. 7a, 09:31
Argazkia: Ibon Errazu

Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketa irabazi ondoren, hurrengo urtean lehen mailakoan ariko da ibartarra; aizkorak eman dion ezustekorik politenetakoa bizitu du Iurretan, Jexuxmari Mujikak.

Pixka bat zabaldu da, baina oraindik bere barruan sartzen dela dio Jexuxmari Mujikak (Ibarra, 1976). Igandean txapela jantzi zuen, eta aurrera begira jarrita, onenekin lehiatuko dela badaki. Hala eta guztiz ere, berak bakarrik daki maila horretara iristeko zer egin behar izan duen.  

Handia izan zen Iurretan bizitakoa.
Izugarria. Aurreneko mailan hiru urte pasa nituen lehen. Bigarren mailara jaitsi nintzenean, gutxien espero nuena berriro igotzea zen. Adinean aurrera gindoazen; gorputza ere pixka bat utzi egiten duzu eta goitik behera abiatzen zara. Baina familiaren bultzada eta bat eta bestearekin, berriro gora igotzea lortu dugu.

Hala eta guztiz ere, iaz Azkoitian, bigarren mailako finalean hirugarren egin zenuen.
Hirugarren eta, gainera, nahiko gertu geratu nintzen gora igotzeko postuetatik. 21 segundo atera zizkidan bigarrenak.  

Urte batetik bestera, ordea, zuen mailan aizkoran gauzak asko aldatzen dira, eta iazkoa ahazturik edukiko zenuen.  
Bai, hura ahaztuta zegoen. Aurten gertatu zaidana da Urrezko Aizkoran hasi nintzela. Luis Mari Bengoak deituta prestatzen hasi nintzen. Aurreneko kanporaketa Zumaian jokatu nuen. Justu antzean ibili nintzen. Hurrengo kanporaketan hobeto sentitu nintzen eta horrek nire burua animatu zuen. Gogo gehiagorekin hasi nintzen prestatzen eta animoz ere gora eginda, orain honaino iritsi gara.

Hemen prestatu gabe ez da ezer irabazten, hau da, txapela hau ez dela kasualitatea izan.
Aurkakoa pentsatzen duena normalean kirola inoiz egin ez duen pertsona klasea izaten da. Tabernan erraz esaten dira kontuak, baina hemen garbi dago txapela lortzeko lan asko egin behar dela. Batzuk gutxiago preparatuta lortuko dute, klase gehiago dutelako; baina preparatu gabe inork ez du txapelik lortzen. Igandean badakit ondo prestatuta joan zela jendea; inor ez zen muletekin joan txapelketa jokatzera.

Aurrekoan irakurri nuen ‘Ezkurdia pilotari langilea’ jartzen zuen artikulu bat. Aizkolari langilerik baldin bada, zentzu guztietan, hori zu zarela esan behar.
Urte mordoa goaz aita eta ni Gaztelun; hantxe entrenatzen gara. Lehen esan bezala, klase gutxiago duenak gehiago entrenatu behar izaten du. Azkenean hemen, klase gehiago edo gutxiagorekin egurrak denbora gutxienean botatzea da kontua. Ni jakitun naiz nire egoeraz, eta beti segi eta segi egitea tokatzen zaidala. Horri esker iritsi naiz beste txapela bat irabaztera.  

Zure kasuan beste kontu bat ere badago: nahiz eta asko prestatu, eguna iristean asko sufritzen duzula.
Bai. Hortik ahulezia handian eduki izan dut beti. Ondo prestatu, txapelketara joan eta flana bezala jarri, eta gero, lan oso kaskarra egin. Gertatu izan zait hori. Jendeak pentsatuko zuen: «Hau prestatu gabe etorri da». Baina alderantziz zen. Esan beharra daukat pixkanaka-pixkanaka horretan ere jarri naizela; ez naizela lehengoa. Baina igande honetan ere, goizean alaba nirekin jolastera etorri eta... ez naiz pertsona berdina. Beste tentsio bat edukitzen dut, gauetik hasita gainera; lo ondo ezin egin eta... Kontua da, oraingoan behintzat, ondo atera dela.

Saria hor dago: hurrengo urtean lehen mailan ariko zara, onenekin.
Beste jauzi txiki bat izango da. Argi daukat igandean egin nuen denbora ez dela batera txarra. Denbora hori eginez gero lehen mailan, besteek lan eginda irabazi beharko didate. Maila hau hartzea, ordea, kosta egiten da. Ongi dakit zer lan egin behar izan dudan horretarako. Daukadan lanbidearekin ere kosta egiten da. Eskerrak etxean laguntza handia daukadan, egurrak eta jartzen. Bestela, txapela hau ez zen iritsiko.

Lehen mailan inongo presiorik gabe ibiliko zara, edo ibili beharko zenuke.
Hori da. Ea bigarren zati hori entzuten duen norbaitek: ibili beharko nuke. Lasai joan eta nire lana egiteko aukera daukat. Besteak ni baino gehiago baldin badira berriro bigarren mailara jaitsiko naiz.

Aizkorak eman dizun ezustekorik politenetakoa izan al da?
Agian bai. Gora eta gora zoazenean, ilusio bat izaten duzu, eta prestatu ere horrela egiten zara. Hau, ordea, goitik beherako horretan iritsi da. Bigarren mailan urte batzuk daramazkit eta ez nuen pentsatzen berriz horra iristerik.  

Apustuak zuen kirolaren parte izanagatik, pixka bat aparte dauzkazu.
Txapelketetan horrela jartzen baldin banaiz, pentsa apustuetan. Apustuak beste historia bat dira niretzat. Ez naiz horietan sartu zale. Nire kasa, erakustaldietara joan eta lagunekin denbora paseaz oso gustura ibiltzen naiz. Momentuz horrekin konformatzen naiz.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!