Jexux Mari Mujika, bigarren mailako txapeldun

Ataria 2018ko azaroaren 5a

Argazkiak: Ibon Errazu

Euskal Herriko 2. mailako aizkora txapelketako finala jokatu da asteburuan Iurretan. Jexux Mari Mujika ibartarra izan da txapeldun eta, horrenbestez, hurrengo urtean lehen mailan izango da.

Finalera pasatzeko kanporaketan Mujikak laugarren egin bazuen ere, atzo txapeldun izan zen Iurretako pilotalekuan jokatutako finalean.

Ibartarrak Juan Jose Lopez Azpilikueta, Luis Txapartegi, Aratz Mugertza, Arkaitz Jauregi eta Jose Antonio Etxeberria izan zituen aurkari, eta ia enbor guztietan denborarik onena markatu zuen.

Sei pago enbor ebaki behar izan zituzten: bi kana erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko. Egurrekin nahiko lan izan zuten aizkolari batzuk, gibelean adarrak azaldu baitziren behin baino gehiagotan. Lopezek, esaterako, aizkora zartatu zuen, eta denbora ugari galdu zuen.

Hain zuzen, Lopezek, Mujika eta Mugertzaren ia denbora berean moztu zuen lehen enborra, minutu eta erdiren bueltan. Bigarren enborra ebakitzerako, ordea, Lopezi minutuko aldea ateratzen zion ibartarrak. Arkaitz Jauregi jarri zen bigarren postuan 60 ontzako lehen enborra ebakitzerako, baina ordurako minutu erdiko abantaila zuen Mujikak bere alde.

Tarte hori zabalduz joan zen ondorengo lanetan. 20 minutu eta 43 segundo behar izan zituen Jexux Mari Mujikak sei enborrak ebakitzeko. Ia minutuko aldea atera zion bigarren izan zen Luis Txapartegiri (21:37). Hirugarren Aratz Mugertza izan zen, 22:28ko denbora eginda. Joxean Etxeberria (22:30), Juan Jose Lopez (22:46) eta Arkaitz Jauregi (23:36) sailkatu ziren ondoren, hurrenez hurren.

Jexux Mari Mujikak, baita bigarren izan zen Txapartegik ere, lehen mailan lehiatuko dute datorren urtean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!