Amaitu da kopako ametsa Laubururentzat

Asier Imaz 2018ko urriaren 10a

Lauburu Ibarrak 1-2 galdu zuen asteartean Kopako kanporaketa, Rivas Futsal taldearen aurka. Belabietako harmailak jendez bete ziren, partida historikorako.

Akabo kopako ametsa Laubururentzat. Atzokoa egun berezia zen ibartarrentzat, eta ilusioa piztu zuen jokalari, klubeko kide eta zaleengan. Bigarren mailako Rivas de Madrid izan zuten aurkari, eta maila bat goragoko taldea izan arren, moretxoek aurre egin zioten beldurrik gabe.

Eta horren erakusle izan zen ibartarren kantxan erakutsitako kemena. Azkenera arte izan zituen aukerak Alfredo Hualderen taldeak, baina ezin berdinketaren gola lortu. 1-2.

Partidako lehen gola bisitariek sartu zuten, lehen zatiaren erdian. Segituan iritsi zen, ordea, etxekoen gola, Oihan eta Andoni Agirrezabalaren jokaldi bati esker. Azken hori izan zen goleatzailea. Emaitza horrekin iritsi ziren atsedenaldira.

Neurketa amaitzeko 5 minutu baino gutxiagoren faltan lortu zuen talde madrildarrak garaipenaren gola. Hatz puntekin ukitu zuen Ibarrako taldeak berdinketa, baina ezin.

Baina atzo gauekoak badu positibotik: harmailak lepo bete ziren maila bat goragoko taldearen aurkako lehia ikusteko, eta garai onenetako giroa bizi izan zen Belabietan. Jokalariek ere eskertu zuten giro hori, sare sozialetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!