«Zaletuen erantzuna izugarria izan da; benetan eskertzekoa»

Asier Imaz 2018ko ira. 20a, 09:08

Lehen zatiko atezaina Zuhaitz Garmendia (Hernialde, 1987) izan zen. Partida handia jokatu zuen. Bigarren zatia aulkitik jarraitu zuen, «sufrimendu handiarekin» .

Amaieran hori da hori sufrimendua, nahiz eta lehen zatia 3-1 bukatu.
Asko sufritu dugu, bai. Ez da lehen aldia beraien aurka jokatzen duguna, eta ongi ezagutzen ditugu. Oso gogor ateratzen dira, erritmo handian. Bagenekien korri asko egin beharko genuela, ez zela erraza izango. Irabazten jarriagatik horien aurka ez dago erlaxatzerik. Azkenean irabazi dugu eta pozik, oso pozik gaude.

Lehen zatiaren lehen minutuak beraienak izan dira, eta horri esker 0-1 jarri dira aurretik. Ondoren, ordea, zuen hiru golak etorri dira.
Hauengatik beti esaten dugu xanpaina bezala direla. Topera ateratzen dira, baina gero intentsitatea mantendu arren, pixka bat jaitsi egiten dira; erritmo horretan partida osoa irautea ezinezkoa delako. Hasiera horretan eutsiz gero, gure aukerak izango genituela bagenekien. Lehen gola beraiena izan da, baina ondoren markagailua iraultzea lortu dugu. Hortik aurrera sufrimendua etorri da.  


Bigarren zatian zer gertatu zaizue?
Urduritasuna nabaritu dugu. Esan beharra dago Peña atezaina oso ondo ibili dela. Amaieran hanka izugarria atera du eta… Azkenean, horrelako egoeretan lana eta lana egitea besterik ez zaizu geratzen.


Kopako aurre kanporaketa jokatu duzue Belabietan. Iazko denboraldi bikainak eman dizue aukera hori. Hau guztia sari bat da.
Iazko lan guztiagatik lortu genuen saria. Partida aurretik gozatzea beste helbururik ez genuen. Irabaztea lortuz gero oso ondo, baina sari bat da hau guztia. Lehen kanporaketa gaindituta orain Bigarren Mailako talde bat etorriko da ziurrenik Ibarrara. Hori izugarria da guretzat, zaletuentzat eta baita herriarentzat ere.


Zaletuak aipatu dituzu. Belabietako harmailak hain bero eta hain beteta ez zenituzten askotan ikusiko.
Nabaritu da. Ligan ez da horrenbeste jende etortzen. Guretzat izugarria da, piloa eskertzen da. Ea horrelako partidekin jendea gero eta gehiago animatzen den; baita asteburuetako partidetara ere. Orain horretan pentsatu behar dugu, larunbatean Bilbon dugun Ligako partidan. Hori bai, gozatzea ere tokatzen zaigu. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!