Historikoa: Errege Kopan aurrera jarraituko du Lauburu Ibarrak

Asier Imaz 2018ko ira. 19a, 10:46

Aurre kanporaketako partida jokatu zuten ibartarrek atzo, Belabietan. Partida ikusgarri batean 3-2 nagusitu ziren San Juanen aurka.

Partida ikusgarria jokatu zuten atzo gauean Lauburu Ibarrak eta San Juanek. Ligan Bigarren B Mailan aritzen dira bi taldeak. Atzo, ordea, Errege Kopan neurtu zituzten indarrak. Irabazleak aurrera jarraitzen zuen, galtzailea kalera.

Nafarrak oso indartsu hasi zuten partida. Ibartarrek euren zelaitik ezin zuten atera. Presio altu horren ondorioz, falta batean 0-1ekoa etorri zen. San Juanekoen kapitainak zulatu zuen Zuhaitz Garmendiaren atea. Hortik aurrera Lauburuk gora egin zuen, besteak beste, nafarrek erritmoa jaitsi zutelako. Neke hori probestuz, ibartarrek hiru gol sartu zituzten, joko bikain baten ondorioz. Aldalur, Saldise eta Oihan Carlosena izan ziren goleatzaileak.

Bigarren zatian gauzak erabat aldatu ziren. Kanporaketaren garrantziak talde batean urduritasuna sortu zuen, eta bestean, hil ala bizi jokatu beharra. San Juan erabat nagusitu zen kantxan, eta aukera izugarriak izan zituzten, markagailua berdintzeko edo iraultzeko.

Partida amaitzeko sei minuturen faltan, Andoni Carlosenak txartel gorria ikusi zuen, epailearekin izandako liskar batean. Areto futbolean txartel gorriak taldea jokalari bat gutxiagoz uzten du bi minutuz, edo aurkariek gola sartu arte. Kasu honetan San Juanen gola segidan etorri zen, bi minutu horiek pasa aurretik. 3-2 jarri ziren orduan, baina gutxienez Lauburuk bosgarren jokalaria berreskuratu zuen.

Hortik aurrera urduritasuna bi taldeetara zabaldu zen. Aukerak bi ateetan izan ziren, baina markagailua ez zen mugitu.

Harmailetan giro beroa
Belabietako harmailetan ezohiko giroa egon zen astearte gauean. Ezohikoa azken urteetan. Laubururen garai onenetan zaletuen babesa izugarria baitzen. Orduko giroa gogorarazi zuen atzokoak. Epaileek ere lagundu zuten harmailak sutzen. Kontua da taldeak eta zaletuek bat egin zutela aurre kanporaketa aurrera ateratzeko.

Laubururen 28 urteko ibilbidean lehen aldiz ari dira Errege Kopa jokatzen ibartarrak, eta orain, Bigarren Mailako talderen baten zain geratuko dira, historia egiten jarraitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!