Ate irekiak egingo dituzte Ibarrako Gaztezulon, proiektua ezagutarazteko

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 19a, 08:48
Joan den urteko irekiera festako irudia

Urrian hasiko du ikasturtea Ibarrako gaztelekuak. Izena emateko azken eguna, berriz, irailaren 26a izango da. Bihar eta etzi ate irekiak egingo dituzte.

Urritik aurrera hasiko du ikasturtea Ibarrako Gaztezulo gaztelekuak. Aurrez, proiektua bera ezagutzeko ate irekiak egingo dituzte:

  • Irailak 20, osteguna: 16:30-19:30. 2012-2009. Ibarrako plazako aterpean. Jolasak, tailerrak, ....
  • Irailak 21, ostirala: 16:30-19:30. 2000-2008. Emeterio arreseko frontoian. Jolasak, dinamika, mahai jokoak, kirol desberdinak...

Ibarrako haur, nerabe eta gazteei «haurtzaro eta gaztetasunaz gozatzeko aukera egonkorra eta etengabea bermatzen duen doako zerbitzua» eskaintzea da gaztelekuaren xedea.

«Ez da soilik egoteko espazio bat; tailerrak, jolasak, irteerak, oporraldietan eskaintza bereziak, herriko dinamiketan parte hartzeak burutzen baitira. Gainera, haur, nerabe eta gazteen motibazioetatik abituz, beraien gaitasunak landu eta berriak eskuratzeko espazioak eskaintzen dira, herriko parte hartzaile aktibo bilakatzen saiatuz», azaldu dute udaletik.

Izena emateko azken eguna irailaren 26a izango da eta Gaztezuloko lokalean (Azkue auzoa 9) egin beharko da, irailak 24, 25 eta 26an, 10:00-13:30 eta 16:30-18:30 ordutegietan. Beharrezkoa izango da izen emate fitxa beteta aurkeztea. Orri hauek herriko puntu hainbatetan eskura daitezke: Gaztezulon bertan, kultur etxean, udaletxean eta Uzturpe ikastolan.

Lantalde berria izango du, gainera, aurtengo ikasturtean. Julen Urrestarazu ibartarrak hartu ditu Gazte Zuloko koordinatze lanak. Ekainean elkarrizketatu zuen TOLOSALDEKO ATARIA-k.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!