«Gure nahia da gazteei ardurak hartzen eta gauzak antolatzen laguntzea»

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 29a, 11:46
Gazte Zuloko lantalde berria.

Julen Urrestarazu ibartarrak hartu ditu Gazte Zuloko koordinatze lanak. Gizarte Hezkuntza ikasketak ditu eta Txiribitu aisialdi taldeko koordinatzaile ere izana da.

Orain arte Irungo gaztelekuan aritu da eta kale hezitzaile bezala aritu da azken 3 urteetan. Bai Urrestarazuk eta baita Itxaso Orbegozo eta Irati Bordagaray hezitzaileek ere ikasturte berrirako zerbitzua hobetzeko asmoa dute, eta hasiak dira jada lan ildo nagusiak identifikatzen. Proposamen eta ideia berriak bildu dituzte gaztetxoekin, eta horiek udalak dituen helburuekin uztartuz, irailerako proposamen berria landuko dutela dio.

Zeintzuk dira zure egitekoak?

Gazte Zulon dauden taldeek dituzten beharrak asetzea da nire egitekoa. Zerbitzua indartuz joan da azken urteetan eta baziren zenbait kontu bete ezin zirenak, nire lana horietara iristea izango da; koordinatze lanak egin eragileekin, bestelako bilerak egin... Informazio hori guztia lantaldera eraman ahal izango dut. Lantaldea hiru pertsonek osatzen dugu eta harremanetan egongo gara etengabe.

Zerbitzuaren arrakasta ukaezina da, geroz eta gazte gehiagok hartzen dute parte. Nolabaiteko jauzia emateko baliatuko duzue, hortaz, koordinatze lan hori, ezta?

Zerbitzua abiarazten aritu dira azken urteetan eta gazte zein nerabeen artean egonkortu dela esan genezake. Aurrerantzean zerbitzua kanpora atera nahi dugu, Ibarrako eragile guztiekin koordinatuz eta harremanetan jarriz. Bultzada handi bat eman nahi diogu Gazte Zulori.

Zerbitzua eraldatuko da, beraz.

Pixka bat bai. Hankamotz geratu da zentzu batzuetan, eta koordinatzaile paperaren alde egin den apustuaren bidez aldaketak egiteko aprobetxatuko dugu. Zerbitzua erakargarriago egin nahi dugu. Muga batzuk jarri behar izan ziren nerabe eta gazte askok ematen zutelako izena eta baliabide gehiago behar zirelako, eta orain horri erantzun ahal diogu.

Zertan ari zarete orain?

Udako eskaintza bereziarekin gaude, ikasturtea bukatu da jada. Datorrenari begira ordutegia zabaltzeko edo malgutzeko aukera aztertuko dugu, beste pertsona baten laguntzarekin edo. Aldaketak egin nahi ditugu parte hartze handia ikusita. Berez, 7 urtetik 18 urte arteko eskaintza dugu, baina orain arte gaztetxoekin aritu izan dira gehiago. Asmoa da ikasturte berrian 18 urte dituzten horietara ere iristea.

Aisialdia kudeatzen laguntzen duzue. Nola?

Parte hartzea sustatzeko zerbitzua da gurea. Gure nahia da gazte eta nerabeei ardurak hartzen eta gauzak antolatzen laguntzea. Beste eragileetan jende helduagoek hartzen dute parte, eta guk lortu nahi duguna da eragile horien artean gazte eta nerabeak ere sartzea. Ibarran parte hartzaileak izatea nahi dugu. Horretan bidelagun izan nahi dugu, eta baita zirikatzaileak ere, aktiboak izan daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!