Laguntza sistematizatzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ira. 7a, 12:03

Ibarrako Berdintasun Planaren barruan, indarkeria sexista jasan duten emakumeei laguntzeko protokoloa ari dira lantzen.

Ibarrako Udalak Berdintasun Plana onartu zuen iaz eta 2017-2020 urteen artean egongo da indarrean. Plana dena den, ez da dokumentu itxi eta mugiezina, eta helburua «herritarrak indarkeria sexistaren inguruan sentsibilizatzea» izanda, beste pauso bat eman dute: indarkeria sexista jasan duten emakumeei eman beharreko arreta sistematizatzea. Horretarako protokolo bat landuko dute Farapi antropologia aholkularitza taldearen laguntzarekin.

Udalak adierazi duenez, Berdintasun Planaren ardatza Ibarra indarkeria sexistarik gabeko herri bihurtzea da. «Indarkeria sexista pairatzen duten emakumeei babes eta arreta osoa bermatzea da helburua», esan du. Protokoloak horretan lagunduko du, horregatik onartu zuten egitea pasa den urtean. Orain artean ere indarkeria sexista pairatzen duten emakumeek jaso dute udalaren laguntza osoa, baina «inplikatuta dauden erakundeen arteko arreta hori» hobetzea da nahia. Era berean, protokoloa herritarren artean zabalduko du udalak. «Emakumeen aurkako indarkeria arazo politiko, ekonomiko eta soziala dela agerikoa da eta beraz, udal bezala ezin dugu gure ardura saihestu eta horregatik abiatu dugu protokoloa diseinatzeko prozesu hau», esan du udalak.

Helburuak

Hauek dira protokoloaren helburuak: «Egun Ibarran indarkeria sexista jasaten duten emakumeei ematen zaien zerbitzua aztertzea, prozedurak ezagutzea eta baloratzea, ahultasunak eta hobekuntza bideak aurkitzea eta indarguneak identifikatzea; emakumeen zuzeneko arretan parte hartzen duen oro sentsibilizatzea, profesional ezberdinen arteko elkar ezagutza eta elkarlana sustatu eta finkatzea; arlo ezberdinetako profesional guztien inplikazio eta adostasuna lortzea; eta emakumeen aurkako indarkeriari herri mailako ikuspegi partekatu batekin erantzutea eta aurre egitea».

Protokoloa osatzeko Farapi kooperatiba kontratatu du udalak eta lehen pausoa gaur egun egiten den lana ezagutzeko diagnostikoa egitea izango da. Egun prozedura horretan parte hartzen duten agenteekin elkarrizketak egingo dituzte lehenik eta hori egin eta gero, diagnostikoaren ondorioak azalduko dizkiete prozesuan parte hartu dutenei; osasun arloko langileak, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Gizarte Zerbitzuetako langileak, Berdintasun teknikaria, udaleko ordezkari politikoak, herriko emakume talde edo mugimendu feministako kideak eta indarkeria sexista jasan duten emakumeak, beti ere haiek horrela nahi badute.

Behin diagnostikoa eginda, protokoloa bera diseinatzen hasiko dira, hau ere elkarlanean. Lau saio egitea aurreikusten dute «denen artean eraikiko delarik Ibarrako errealitatearen beharrei erantzungo dien protokoloa». Behin protokoloa osatuta aurkezpen publikoa egingo dute herritarrek ezagutu dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!