«Indarkeria jasan duten emakumeek zein pauso emango diren jakin behar dute»

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ira. 7a, 12:05

Leire Kortajarena Farapi taldeko kidea da, hain zuzen, indarkeria sexistaren aurkako protokoloa egiten lagunduko duen kooperatiba da Farapi.

Zertan da burutzen ari zareten diagnostikoa?

Bertako errealitatea ezagutzen ari gara hainbat eragileren eskutik. Protokoloa bera koordinazio espazio bat izango da, indarkeriari aurre egin nahi dioten emakumeek eskura dituzten zerbitzu eta baliabideak zehaztuko dituen espazioa, hain zuzen. Marko orokorragoa ere badago, Erakundeen Arteko II. Akordioa, baina helburua akordio hori errealitatera egokitzea da, horregatik ari gara errealitate hori ezagutzen. Gizarte langilearekin, anbulatorioko arduradunarekin, Ertzaintzarekin eta politikariekin aritu gara jada, eta datozen asteetan mugimendu feministarekin eta emakume taldearekin bilduko gara, hauek arreta horretan zuzenean parte hartzen ez badute ere koordinazioan eta herrigintzan eragile eta espazio garrantzitsuak osatzen dituztelako.

Garrantzia prozesuari berari ematen diozue, zergatik?

Eragileen arteko elkar ezagutza horretan sakontzeko aukera ematen duelako. Koordinatzean sakontzeko aukera emango du protokoloak eta prozesuari batasuna emango dio ere, emakume horiek askotan ez baitakite nora jo eta askotan ibiltzen dira batetik bestera, nahiko galduta. Oso garrantzitsua da emakume horiek jakitea zein pauso emango diren, bestela salaketa jarri izanaz damutu ere egin baitaitezke, prozesu luze eta korapilatsuak izaten baitira.

Noizko egongo da prest, protokoloa?

Irailean zehar idatziko dugu diagnostikoa, hil bukaeran aurkeztuko dugu, eta urria eta azaroa bitartean protokoloaren diseinurako lau saio egingo ditugu. Printzipioz abendurako izango dugu prest.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!